Julen Mendoza alkatearen kalitateko botoarekin atera dira aurrera 2014ko aurrekontuak. Udal Gobernu Taldea izan zen atzo alde bozkatu zuen bakarra (9 zinegotzi ditu); PSE-EE eta PPk kontra bozkatu zuten (bien artean 9 zinegotzi dituzte) eta EAJko hiru zinegotziak, aurreratu bezala, abstenitu egin ziren. Bi aldiz bozkatu zuten, eta aldeko eta kontrako botoen berdinketa alkatearen kalitateko botoak hautsi zuen.
Bildu nahiz Ezker Anitzak egoera ekonomikora, eta, testuinguru horretan, herritarrek dituzten beharretara egokitzen diren aurrekontuak direla nabarmendu zuten, eta urtetik urtera arlo sozialera ere kopuru handiagoa bideratzen ari direla.
Inbertsioetan ere kopuru handiagoa jarri dutela jakinarazi zuten, baina horiek “ezinbestekoak” direla esan dute gastu horietara bideratzeko. Alkateak gaineratu zuen inbertsio horiek beharrezkoak direla garapen ekonomikorako ere, eta gezurtatu egin zituen batik bat PSE-EEtik etorritako akusazioak: diru sarrera eta finantzazio falta. Hori egiaztatzeko iaz espero baino finantzazio altuagoa lortu zutela jakinarazi zuen.
Era berean, EAJ eta PPren konpromisoa ere nabarmendu zuen akordioak lortzerako garaian, eta haatik, PSE-EErena kritikatu zuen osoko zuzenketa aurkeztearen kontura, eta “bere burua baztertu” duela esan zuen.
PSE-EE
Jose Angel Rodriguez talde sozialistako bozeramaileak “bere burua baztertzea” gezurtatu zuen, eta egin diren bileretara joan direla adierazi zuen, eta eskatutako baldintzetako bat udal gobernu taldeak ez zuela aintzat hartu gogorarazi zion alkateari.
Horrez gain, osoko zuzenketa argudiatu zuen esanez, arlo sozialean egindako inbertsioak ez direla nahikoak, eta bestalde, inbertsioen ataleko datuak ez direla “fidagarriak” gaineratu zuen. Hala ere, egindako zuzenketekin hasierako proposamena hobetu dela onartu zuen, baina horiek ere ez dutela talde sozialistak esperotakoa betetzen.
Inbertsioen eta Lekuonaren artean eduki zuten ika mika alkateak eta Rodriguez. Lekuonaren harira, plenoan adostutakoa ez betetzea leporatu zuen alkatea. Berak erantzun zion, ordea, ea noiz onartu behar duen udalbatzarren gehiengoa Dantzagunea Lekuonan kokatzearen alde dagoela.
EAJ eta PP
Maite Peña EAJko bozeramaileak plenoan aurkeztutako proposamena udal gobernu taldearena baino hobea dela esan zuen, eta arlo sozialean eta krisiaren kontrako planetan partidak handitzea lortu dutela euren ekimenez, ia kopuru hori 1 milioi eurora iritsiz. Horretarako negoziazioak “gogorrak” izan direla ere zehaztu zuen.
PPko bozeramaile Jose Manuel Herzogek, bestalde, gobernu taldearekin harremana ona izan dela esan zuen, baina ez direla ados jarri joera ezberdinetako alderdiak direla kontuan hartuta.
Beste puntuak, aurrera
Gai ordenako beste puntuak ere aurrera atera ziren.