Kontxa Murgia omendu dute gaur oiartzuarrek eta Manuel Lekuona liburutegiraino bildu diren galizarrek. Txistu eta gaiten doinuak elkarrekin egin dute kontzejupetik bidea liburutegiraino berrogei bat lagunek jarraituta. Asier Legorburu Kultura Zinegotziak eta Xose Estevez historialariak hartu dute hitza bertan. Kontxa Murgiaren semeari aipamena eginda, Manuel Martinez Murgia, Galiziako abertzaletasunaren aintzindariari, gaurko ekitaldia Euskal Herritik Galiziari egindako elkartasun keinua izatea nahiko lukela esan du Legorburuk: “Izan ere bi nazioak, Euskal Herria eta Galizia XXI. mendera kontzientzia nazionalarekin heldu badira gure arbasoei esker izan da neurri batean, eta beraiei zor diegu, nahiz eta gaur egun oraindik ukatzen jarraitzen gaituzten nazio gisa”. Hizkuntza hartu du ardatz ondoren Legorburuk, Martinez Murgiak hura eraikuntza nazionalaren zentralidadean jarri izan zuela nabarmentzeko, eta Martinez Murgiak 1891. urteko lore jokoetako inaugurazio hitzaldiaren pasarte bat irakurri du galizieraz.
Xose Estevezek hartu du hitza ondoren eta “emigrazioaren dramaz” mintzatu da historialaria. Eskerrak eman dizkio Euskal Herriari, “hartu gaituen moduan hartzeagatik, lana, jatekoa, etxea eta familia emateagatik”. Koldo Izagirreren olerkia irakurri du horretarako euskaraz eta galizieraz.
Lore eskaintza egin diote Kontxa Murgia jaiotzen ikusi zuen etxean haren omenez jarritako plakaren ondoan.