Ez ikusi, ez ikasi!

Bixintxoak izan dira Hendaian, festa patronalak. Izenak aditzera ematen duenez, Saint Vincent dugu herriko santua eta patroia. Herri santua gurea! Euskal Herria, alegia. Zer besterik gara, giristinoak izan ezean? Ez dezadan esajeratu ere, kristau izateari uko eginik edo uko egin barik, besterik ere bagara eta!

Mundua jira-bira dabil, eta gu haren historiaren istorioen bueltan. Aurtengo bixintxoak ur turrustetan iragan ditugu: danborradako jotzaileak, manéges delakoak, zaldi-maldikoak, urez blai ibili dira jira-biran, eta gu haien ingurumarian.

Alabaina, santu guztiak ez dira patroi, edo eredu beraren neurriaren araberakoak. Santuak santu, hendaiar gorenak ere baditugu gure historian: Anton Abadia nola Ixtebe Pellot antigoalekoak. Berri-agoak ere: Bixente Lizarazu futbolaria nola Amets Arzallus bertsolaria. Hendaia aintzatzen duten izenak eta izanak.

Otsaila izaki, literatur menturazaleok herritar gorenen arrastoan ibilki gara.

Aurten herri kaskotik —Miterrand Mediatekatik— Abadia Gaztelura aldatu gara V. Poesia emanaldiaren karietara, Abadiaren zenaren etxaldera. Karrikan ur burrustan ari zela, aterpe hartu dugu gazteluan.

Patri Urkizu historialaria, Fernando Morillo zientzialaria eta Ekhiñe Egiguren poetak Abadia zenaren historiaren eta istorioen abarora arrimatu gintuzten tokiko kaperan. Guk liburutegian nahi genuen zertu ekitaldia, toki epel goxo-agoan, literatur menturazaleoi dagokigun menturan. Alabaina, antza, bertako mamuek ez zuten elkar aditu eta kapera hotzera bideratu gintuzten. Mamuek ez zuten ongi hartu elkar, edo ontsa baino hobeto zuten konfabulatu gure kontra. Hots eta hotz!

Edonola ere, Patri, Fernando eta Ekhiñe-ren istorioen bidez, izarigabea den Abadiaren historian beste urrasño bat eman genuen. Adibidez, Antonen anaia Arnauden jite borrokalaria ezagutu genuen. Anton baino gerlari-agoa izaki, nonbait. Ehiztaria. Harrapakin-agoa. Hots, Anton liburuen artean geratzen zeino, Arnaud Virginie (Vincent de Saint Bonnet) emaztearekin ihalozka ibilki zebilela laxo. Barkatu, alde freudiarra jalgi zait.

Abadiaren obraz amiñi bat gehi-ago jabetu ondoren, hotzak eta hotsak tarteko, tokiko barrunbetara jaitsi ginen. Iraganeko eta gaurko supazter ondora, mamuen txokora. Hitz eta pitz, eta zizka-mizka jardun genuen giro epelean. Liburuak maitatzeaz beste —mamu ez bihurtzeko—sabela ere behar baita bete.

Abadiak Ez ikusi, ez ikasi! leloa utzi zuen idatzia gazteluan. Guk gazteluko mamuak ikusi ez, baina sumatu bai, baita nork bere izenari bere izana gehitu behar diola ikasi ere.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend