Urtetik urtera gora ari da ikasle kopurua Antxoko euskaltegian
“Bizitasuna” dago euskaltegian. Hala esan dute Pasai Antxoko AEK-ko Txirrita euskaltegiko arduradunek. 100 ikasleren langa gainditu berri dutela iragarri dute. Pozik daude, matrikulazioa gora ari delako azken urtetan. Esan dutenez, Udalaren bultzada eraginkorra suertatzen ari da, matrikulatu diren ikasle askok diru laguntza jasoko baitute. Langabezian daudenek, gurasoek eta ikasleek, denek dute matrikularen %100 berreskuratzeko aukera %85eko asistentzia frogatuz gero.
Eskaintza gero eta zabalagoa da euskaltegian, “ikasleen nahi eta beharretara egokitua”, eta horrek ere eragina izan omen du matrikulazioaren gorakadan. Transmisio taldeak, astean bi eguneko ikastaroak… eskaintza malguan da gaur egun euskaltegian.
Ikasturte hasieran izena ematerik izan ez zutenek, orain badute bigarren aukera. Horretarako hainbat bide dituzte eskura: euskaltegira joan (Zumalakarregi 9, behea), emaila bidali pasaia@aek.org helbidera edo eta telefonoz deitu 607 545 381 zenbakira.