LABek emakumeentzako enplegu duina aldarrikatuko du
Emakume Langilearen Egunaren bezperan, elkarretaratzea egingo du LABek Pasai Antxon. Ostiralean, 12:00etan bilduko dira Gure Zumardian, Enplegu duina emakumeontzat lelopean. Ildo beretaik, matxoaren 8an izango diren bestelako mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute.
LABen ustez “krisiari aurre egiteko aitzakian saldutako eta aplikatutako errezetak hilgarriak izan dira emakumeentzat”. LABek zabaldutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 100.000 emakume langabezian zeuden iaz, eta 2008tik hona emakumeen 68.000 lanpostu baino gehiago suntsitu direla jakinarazi dute.
Lanpostuei eustea lortu duten emakumeek diskriminazioa pairatzen dutela gaineratu dute, eta horren erakusgarri hainbat datu zabaldu. Lanean diharduten emakumeen %28’8 lanaldi partzialean egiten du lan eta lanaldi partzialeko enpleguaren %83’7 emakumeek burutzen dutela dio sindikatu abertzaleak.
Horrez gain, eta INEeko azken datuen kontuan hartuta, emakumeek gizonezkoak baino %37 gutxiago irabazten dute Hego Euskal Herrian.
Gaur gaurkoz “lan munduan emakumeen integrazioaren alde egindako aurrerapen guztiak, eta diskriminazioaren kontra egindako borroka guztiak”, arriskuan daudela dio LABek, eta Enplegu Plana aldarrikatu du, berdintasunean, kalitatezko enplegu duina sortze aldera.