Otermin eta Rios egindako agerraldian
Bilduk Pasaian atez atekoaren gainean kontsulta egiteko mozioari ezezkoa eman izana salatu du EAJk gaur Donibaneko egoitzan egin duen agerraldian. Alderdi jeltzaleak aurkeztu zuen mozioa pasa den asteartean, eta bertan herri kontsulta egiteko eskatu zuen. Eztabaidak luze jo zuen, baina mozioak ez zuen aurrera egin. PSOEk, EAJk, eta PPk alde bozkatu zuten (8 boto), baina Ezker Anitzak eta Bilduk kontra (9 boto). Horren harira, Bilduri udalean duen gehiengoa “bere dogma politikoak inposatzeko” erabiltzea leporatu dio Oterminek eta Amaia Agirregabiria alkateari Pasaian “konfrontazioa eta arazoak sotzea” egotzi: ” Ez dugu ulertzen alkate batek zer dela eta daukan herrian hondakinak biltzeko sistema garesti eta aldrebes hau inposatzeko gogo bizia”.
Bilduren hurrengo helburua atez ateko hondakinen bilketa sistema Trintxerpen eta San Pedron jartzea dela ere esan du Pasaiako EAJren bozeramaileak: “Horretaz ohartarazi nahi ditugu pasaitarrak, horretarako ez delako herri partaidetzarik izango ezta galdeketarik ere”.
Ezker abertzalearen kultura politikoa “inposaketa eta kontrolarena” dela esan du halaber, Oterminek, “eta hori gailendu da Bilduren gobernatzeko era berrian”. Horren aurrean, EAJko zinegotziek pasaitarrei “errespetua” eta udal prozesu guztietan “gardentasuna” eskatzen jarraituko dutela gaineratu du EAJko bozeramaileak: ” Demokraziaren alde aktiboki egingo dugu apustua baita Gobernu ona eta erakundeen arteko lankidetzaren alde ere, guzti hau pasaitarren arazoak konpontzeko eta Pasaian Bilduren konfrontazio politika arbuiatzeko”.