Lesoinu aurkeztu dute
1986. urtean sortutako abentura erreferente kulturala bihurtu da lezoarrentzat eta Lesoinuk hogeita zortzigarren aldia hasiko du ostiralean eta hilaren 11 arte luzatuko da. Hala definitu du Mikel Arruti Kultura zinegotziak aste pedagogiko musikala, hura aurkezteko gaur goizean Ainhoa Zabalo alkatea eta Xanti Espina musika eskolako zuzendariarekoin batera egin duen agerraldian. Izan ere, arrutiren hitzetan, urte luzetako ibilbidean gorpuztu eta sendotu egin omen da musika egitasmoa.
Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren helburua musika eta pedagogia uztartzea dela azaldu du Espinak, eta hartzaileak berriz, musikazale guztiak direla gaineratu du. Horretarako aurten ere egitarau askotarikoa eta zabala prestatu dute, “0 urtetik hasi eta zahartzarorainoko pertsonek gozatzeko modukoa. Oparoa eta anitza, Lesoinu badelako musikaldi bat askotariko ikuspegitatik musika bizi duten guztiei zuzendutako zikloa”, esan du Espinak.
Hemeretzi talde Lesoinun
Lesoinuren barruan Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleak izango badira ere protagonistak, ez dira bakarrak izango. Guztira hemeretzi talde ariko dira aste pedagogiko musikalean eta horietatik zortzi musika eskolakoak izango dira.
Txiki Musikari Saioa Ruiz pedagoga pasaitarraren emanaldiarekin hasiko da Lesoinu ostiralean. Bi saio egingo ditu lau eta bost urtetako haurrei begira, 17:00etan lehena eta 18:00etan bigarrena.
Kantujirak ere egin du bat Lesoinurekin, eta larunbatean saio berezia egingo du horren harira. 12:00etan abiatuko da Aiton Bordatik TGLUMEko klarinete taldeak lagunduta. Igandean erromeriak hartuko ditu kaleak eta datorren asteartean berriz, soinu tresna autoktonoen txanda helduko da Juan Mari Beltran Hirukotearen eskutik. Hilaren hamaikan amaituko da zikloa Lezo Herri Eskolako ikasleentzat musika eskolako ikasleek egiongo duten kontzertu pedagogikoarekin.
Zabalok herritra guztiak animatu ditu kontzertuekin gozatzera eta Lesoinuk eskaintzen duen aukera zabalarekin bat egitera.
Lesoinu 2014