Erosketaren zerrenda: olioa, ogia, letxugak, arraina, esnea, sagarrak… Oporretarako motxilan sartu beharreko arroparen zerrenda: oinetakoak, galtzerdiak, galtzak, kamisetak… Lanean egin beharrekoen zerrenda: txostena idatzi, bileraren deialdia egin, lankideei deitu, ikastaroa prestatu…
Etengabe zerrendak egiten eta erabiltzen ditugu. Eguneroko bizitza errazten diguten zerrendez inguratuta gaude: autobus ordutegiak, jatetxeko menua, liburutegiko katalogoa, telefono zenbakien agenda, zerrenda beltza, itxarote zerrenda… Zerrendak egitea sailkatzea da, errealitatea eta ingurunea ordenatzea. Sailkatzerakoan logika bat aplikatzen dugu, batzuetan nahigabekoa, eta, gehienetan, zerrendan gure lehentasunak eta interesak adierazten ditugu kategoriak sortuz: gehien gustatu zaizkidan filmeen zerrenda, pintxo hoberenak dituzten tabernena, hiriburu politenak eta zatarrenak… Horrelakoek arazo handirik ez dute sortzen, baina zoritxarrez, pertsonen sailkapenak ere etengabe egiten ditugu. Pertsonen sailkapenak, klasifikazioak eta etiketak: potoloak, azkarrak, txikiak, zaharrak, itsusiak, gazteak, indartsuak, jatorrak…
Etiketa horiek, askotan irain bihurtzen dira, eta gai horren inguruan ari dira Lezo Herri Eskolan Zero Irain kanpainarekin. Eskolako arduradunei Hitza-k egindako elkarrizketa irakurri nuenean irainak gauza on bat duela pentsatu nuen: gehienetan iraina iragankorra da, ez da betirako. Goizeko tontoa nor zen, arratsalderako ahaztu zaigu. Gaur ni izango naiz baldarra baina bihar zu izan zaitezke. Arazoa irainaren errepikapenean dago. Elkarrizketa hartan Antxon Alfarok zioen bezala, «behin botatzen denean, ez da ezer gertatzen, behin eta berriro errepikatzen denean izaten da arazoa. Tanta bat egunero-egunero isurita, zuloa egiten da azkenean».
Baina zuloak irainen bidez baino, askotan, bestelako ustezko deskribapen objektibo batzuekin egiten ditugu: haur bat alperra dela esaten dugunean, kirolean ona baina matematiketan txarra dela etengabe errepikatzen dugunean, edo lotsatia eta isila dela baieztatzen dugunean. Une bateko deskribapenak eta horrelakoak bizitza osorako etiketa bihurtzen oso trebeak baikara: euskaldun berri eta euskaldun zahar; etorkina eta bertakoa; herrikoa eta kanpotarra.
Baina, noiz uzten dio euskaldun berriak euskaldun berri izateari? Bi urterekin euskara ikasi zuen 80 urteko andrea euskaldun berria al da? Bi urteko neskatoa euskaldun zaharra al da? Noiz uzten dio etorkina izateari etorkinak? Guregana hamasei urterekin etorri zen eta orain 70 urte dituen gizona etorkina al da? Etorkin hilko da bere jaioterritik 3.000 kilometrora? Itzuliko balitz topatuko lukeen lurraldea jaio zen lurraldearekin antzik al luke? Lurralde bera al da? Ikasle txarra betirako izango al da txarra? Edozein gauza ikasteko txarra izango al da? Hamabi urterekin ezezagunen aurrean lotsatzen dena berrogeirekin jende aurrean hitz egiteko gaitasunik ez al du izango?
Pierre Bourdieu soziologoak idatzi zuen bezala, ez dago ezer hobeagorik norbait sailkatzeko egiten dituen sailkapenak baino.