Esku-eskura du salbazioa Oiartzunen gizonen futbol taldeak
Larunbatean Durangori 2-1 irabazi ondoren, Oiartzun Kirol Elkartearen futboleko gizonen talde nagusiak esku-eskura du beste urte batez 3. Mailan mantentzea. Jaitsiera postuen mugatik lau puntura daude oiartzuarrak, eta sei puntu dituzte jokoan, hori beste taldeek zer egin dezaketen kontatu gabe. Hortaz, oiartzuarren esku dago mailari eustea, eta azken jardunaldietako lanari eusten badiote, hala egingo dute.
Larunbateko lehian hasieratik joan ziren partidaren bila etxekoak, eta hori nabaria izan zen lehiaren kontrol osoa izan zutelako urdinek. 2-0 jarri ziren aurretik lehen zatian Ioritz Azpiroz eta Joseba Muguruzaren golei esker, baina lehen zatia bukatzear zela, Durangokoek gola sartu eta 2-1ekoarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak. Emaitza labur horrek ezinegona sortu zuen zaleen eta jokalarien artean.
Bigarren zatian, ordea, emaitzari eutsi zioten oiartzuarrek, eta partida bukaeran 2-1ekoak jarraitu zuen markagailuan. Funtsezko hiru puntu zakura Oiartzunentzat, eta salbazioa, gertu.