Maite Peña EAJko bozeramailea
Josu Erkoreka eta Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuekin bilduko da Errenteriako EAJ datozen asteetan, oro har, herriko egoera ekonomikoa “suspertu” eta herritarren bizitza kalitatea “hobetzeko”. Maite Peña bozeramaileak jakinarazi duenez, egun Errenteria-Oreretan %17,4ko langabezia tasa dago, eta 3.326 langabe daude, Lanbideren datuen arabera. “Gipuzkoako tasaren bi puntu gainetik” dagoela zehaztu du.
Lehenengo bilera bihar bertan egingo dute Erkorekarekin, eta Peñak aurreratu duenez, herriko egoera ekonomikoa eta sozialaren gainean hitz egingo dute.
Bigarren ekintza irekia izango da, ekainaren 12an, eta bertan parte hartuko dute Peñak berak Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar nagusietako gizarte politikako EAJren bozeramaileak. Gizarte zerbitzuen arloko gaiak izango dituzte hizpide. Oraindik ez dute tokia eta ordua zehaztu.
Hirugarren bilera bat daukate aurreikusita Arantza Tapiarekin, eta eguna zehaztuta ez duten arren, uda aurretik izango dela jakinarazi du Peñak. Bertan, ekonomiaren egoera eta ekonomia suspertzeko zer egin zehaztuko dute.
Peñaren esanetan, Errenteriak “eredu berria” behar du, eta zehazki, beharrezkoa da herrian “ekonomia suspertzea eta lana sortzea”. Horretarako, lehenik eta behin, gizarte eredua eta eredu kulturala sakonki aztertu nahi dituztela argitu du, eta hori eragile ezberdinekin kontrastatu nahi dutela: gizarte, ekonomia, industria, kultura eta kirol arlokoak, komertzioak, ostalariak, egoera txarrean dauden pertsonak…