Errenteriako Udalak 1,7 milioi euroko superabita lortu du 2013ko kontuen likidazioa egin eta gero
1.790.000 euroko superabita lortu du Errenteriako Udalak 2013ko aurrekontuaren likidazioa egin eta gero. Sarreren atala egoki bete delako eta gastuak “egoki” kudeatu direlako izan da hori, Jon Txasko Ogasuneko ordezkariaren esanetan. Horrela, esperotako sarreren %94,3 jaso zuen udalak iaz, eta funtzionamendu gastuetan —gastu politikoan batik bat—, esaterako, legealdia hasi denetik 650.000 euro inguru aurreztu ditu. Horiek superabitaren arrazoiak Txaskoren arabera.
Horrela, legealdia hasterakoan Gipuzkoako herrien artean funtzionamendu gastu altuenetakoa izatetik, batezbestekoaren “oso azpitik” egotera pasatu dela zehaztu du Txaskok, eta adierazi du superabita ez dela eman aurrekontuak gauzatu ez direlako, “izan ere, aurrekontuak %90ena gauzatu direlako, eta inbertsio maila %80koa izan delako. Horri guztiari esker, ekonomia saneatua izatera hurbiltzen ari gara, zor bizia murriztu izanak aukera ematen digu etorkizunari baikor begiratzeko”.
Eta diru soberakin hori nola inbertitu nahi den adierazi du Txaskok. Batetik, 800.000 euro inguru “gobernu talde honek aurrekontuak egiterakoan izan dituen elementu garrantzitsuenetara” bideratuko dituzte, hau da, garapen sozioekonomiko eta enplegua sortzera, gizarte babesera, merkataritza indarberritzera, eta auzoen garapenera. Gainontzeko zatia “ezusteko arazoei aurre egiteko” gordeko dute.
Dena dela, aurreko gastuak gainontzeko alderdi politikoekin adosteko helburua dutela adierazi du Txaskok.