Hilaren 19an hasiko da sorosle eta sorospen ikastaroa
DYAk Sorosle eta Lehen Sorospen Ikastaroa antolatu du Hondarribian. Hilaren 19 (astelehena) hasiko da eta hiru astez luzatuko da, ekainaren 6ra arte (ostirala). Norbaitek izena eman nahi badu oraindik aukera dauka; horretarako 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu behar du.
DYAk jakinarazi duenez, edonork parte har dezake, eta horrenbestez, ez dute eskatzen aurretik ezagutzarik izatea. Hori ikastaroan ikasiko dute: bihotz eta birika suspertzea, zauriak, hausdurak, erredurak… “Ezagupen oso arruntak, baina laguntza asko eman dezaketenak”, gaineratu du DYAk.
Klaseak astelehenetik ostiralera dira, 19:00etatik 21:00etara, DYAko ordezkaritzan (Soroetagain 6/7 behea). Saioak modu erraz eta atseginean ematen dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, eta bukaeran Sorosle eta Sorospen titulua lortu ahal izango dela.
Ikastaroaren prezioa 110 eurokoa da, eta ikasle kopurua mugatua da.