Oiartzungo neskek eta mutilek asteburuko futbol partidak irabazi dituzte
Asteburu oparoa izan da Oiartzun Kirol Elkarteko talde nagusientzat. Emakumeen taldeak 3-1 gainditu zuen Reocin, eta gizonetan 1-2 irabazi zuen Azpeitian Lagun Onak taldearen kontra. Lehenek liga bukatu dute, eta igoera fasean murgilduko dira; bigarrenek urrats handia eman dute 3. Mailari eusteko, baina hurrengo jardunaldira arte itxaron beharko dute hori berresteko.
Anne Mugarza, Jone Olasagasti eta Esti Bajoren golei esker irabazi zuen Oiartzunen nesken taldeak Reocin. Lehia orekatua izan zen, izan ere kanpokoek penalti bat huts egin zutelako Uxue atezainaren geldialdiari esker, baina herikoek duten aurreko indarra baliatu zuten partida aurrera ateratzeko.
Ligan bigarren izan dira oiartzuarrak, Athletic Bren atzetik. Oso zenbaki onak lortu dituzte, gainera: gol gehien egin, gol gutxien jaso, eta etxean partida guztiak irabazi dituzte oiartzuarrek. Hala, Athletic Bk ezin duenez Lehen Mailara igo, oiartzuarrek jokatuko dute igotzeko kanporaketa; lehen partida hilaren 18an izango dute.
Mutilen taldea, zain
1-2 irabazi zuen mutilen taldeak Lagun Onak-en zelaian asteburuan. Aritz Bereziartuak eta Iban Pikabeak egin zituzten urdinen golak. Horri esker matematikoki saihestu ditu jaitsiera postuak Oiartzunek, baina hurrengo asteburuko azken jardunaldira arte itxaron beharko dute jaitsieraren aukera guztiz ahazteko. Izan ere, goiko mailetatik nor jaitsiko den ikusi beharko dute oiartzuarrek, eta aldi berean, etxean jokatu beharko duten partida irabazi. 3. Mailari behin betiko eusteko.