Erabakitzeko eskubidea eta plan orokorra, Oiartzungo atzoko udalbatzarraren ardatzak
Atzo egin zuten Oiartzungo zinegotziek maiatzeko udalbatzarra. Bertara, 13 zinegotzietatik 9 joan ziren, Bilduko bi, eta EAJ batek eta H1ekoak ez zirelako joan. Bi gai izan ziren nagusi, eta horietan, gainera, gobernu taldearen eta oposizioaren arteko adostasuna izan zen.
Batetik, Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidearen gainean aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten zinegotziek. Horietako askok herri iniziatibaren elastikoak izan zituzten soinean plenoa bitartean. Mozioan, erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera agertzeko eskatzen zitzaion udalari, eta horrela izan zen. Izan ere, plenoan izan ziren zinegotziez gain, H1ekoak ere bat egin zuen mozioaren testuarekin: ekainaren 8ko giza katearekin, eta horretan herritarrei parte hartzeko eskatzea ere agertzen zen mozioan. Gure Esku Dagoko kide bat izan zen udalbatzarrean; pozik hitz egin zuen, batetik hartutako erabakiarekin, eta bestetik lortu den adostasunarekin.
Bestalde, Oiartzungo Hirigintza Plan Orokorreko hasierako onarpenari jarritako alegazioei erantzun zitzaien udalbatzarrean; aurrez zeuden hitzartuta erantzunak. Udal idazkariak lan dezente izan zuen atzo, 43 alegazioen xedea irakurri, eta horien erantzuna eman zuelako, banan-banan (laburtu egin zituen, hala ere). Horrela, bederatzi alegazio oso-osorik onartu ditu udalak, sei partzialki, eta gainontzekoak ez dira onartu. Horrela, alegazio batzuk plan orokorra garatuko den eremuetan kontuan hartuko direla esan zuen jarduneko alkate Oihan Tellok. Eta gai horretan ere adostasuna izan zen gobernu taldearen eta oposizioaren (EAJ) artean, eta hori eskertu egin zuen jarduneko alkateak. Hortaz, azalpen guztiak emanda, aurrea atera ziren alegazioei emandako erantzunak, eta horien eta plan orokorraren tramiteek aurrea jarraituko dutela esna zuen Tellok.
Brigadarako pabilioia
Udaleko Brigadak erabiltzen duen Gaetxeko pabilioia erosiko du udalak. Hori erabaki zuten atzo zinegotziek, EAJren kontrako boto bakarrarekin. Alokairuan zuen udalak orain arte pabilioi hori, eta erostea adostu zuten atzo, Telloren arabera “erabaki estrategikoa” delako Brigadaren jardunari eta eraginkortasunari begira, “baita herriarentzat ere”. Erosketa horren prezioa 600.000 euro pasakoa izango da.
Bestalde, hona onartuz iren beste gai batzuk: Saharako Tchila herriarekin senidetza protokoloa abiatzea onartu zuten; Harri Beltzarekin hitzarmena berritzea onartu zuten; eta anorexia eta bulimiaren kontra lan egiten duen ACABE elkartearen jardunaren alde agertu ziren zinegotziak; eta Oarsoaldea SArekin hondakinak kudeatzeko dagoen hitzarmena berritze erabaki zuten, nahiz eta EAJri “gehiegizko gastua” iruditu bertako 43.000 euroak.