Errimak oinetan desfilerako
Lore saltzailea, okina, ezkongaiak, udal taldea, ijitoak, suhiltzaileak, baserritarrak, arrantzaleak, aberats jendea, pilotariak, turistak, medikua, apaiza eta akolitoak, soldadua eta andregaia, artzainak eta inudeak, kasko zuridun udaltzaina, mikeleteak, barkillo eta gozo saltzaileak, astoak, idiak, danborrariak, txistulariak…
Hori dena eta gehiago izan da Lezon santakrutzetako desfilea; atzera begirako erakusleihoa, jantzi erakustoki ibiltaria, herri partaidetzaren eredua.
Elizaren inguruan sortu zen. Katekisten ardurapean egon zen antolaketa hogeita hamarren bat urtean. Lan handia eta dotorea egin zuten. Hiru hamarkada horietan herriko neska-mutil koxkor gehienek (ia denek) hartu zuten parte herriko jai handietako ekitaldi nagusian. Ondoren, Murixka dantza taldeak hartu zuen lekukoa, bere folklore ukitua eman ziolarik. Murixkak partaide helduak sartu zituen, artzain eta inudeen dantza/errepresentazioarekin uztartutako desfilean. Santakrutzetako desfileak dantza eta musikaren gehigarriak izan ditu Murixkaren lanari esker. Baita jantziena ere. Ramon Garcia jostunaren eta Errenteriako Iraultza taldearen gordailuko jantzi eta diseinuak ikusteko aukera izan da azken urteetan.
Orain, berriz, Lezoko Desfilearen Lagunak izeneko taldeak hartu du ekitaldiari hauspoa emateko ardura. Benetan da eskertzekoa, oraindik, egitekoa edozein izanda ere, egitasmo jakin baten atzean ilusioz jardungo duen boluntario taldea aurkitzea. Benetan da eskertzekoa, indibidualismoa horren hedatuta dagoen garai honetan, herri ekimen bat bultzatzeko boluntario taldea eratzea. Txalo zaparrada, eta inoiz ez nekatzeko desioa, Lezoko desfilea indarberritzeko helburuz elkartu direnei.
Desfileari eutsi eta antolatzeaz gain, datorren irailean beste osagarri batzuk sartzekotan dira ekintzaile berriak. Ideiak badira, gogoa ere bai… Hasita daude hurrengo santakrutzetakoa hezurmamitzen.
Aro eta proiektu berriek, sustatzaileen lanaz gain, zenbaitetan, gutako bakoitzaren laguntza eta bultzada ere behar izaten dituzte, lehengoari eutsi eta soka eten ez dadin.
Hala, bihar larunbata (maiatzak 24), Lezoko Bekoerrota kiroldegian, arratsaldeko zazpietatik aurrera, ikuskizuna antolatu dute, uste baino azkarrago iritsiko den iraileko desfilerako sos batzuk biltzeko, izan ere, osagarri ekonomikoa ezinbestekoa baita halako tamainako ikuskizuna antolatzeko. Haatik konpainiak Errimak oinetan ikuskizuna eskainiko du, bertsolaritza oinarri duen dantza emanaldia.
Haatik konpainia Aiert Beobidek zuzentzen du, eta esperientzia handiko dantzari gazteek osatzen dute. Konpainiak Errenteriako Niessengo instalazioetan egiten ditu entseguak, eta Vitali Safronkine, Bejart Balleteko koreografo errusiarrarekin elkarlanean aritu da, koreografo horrek Haatik-entzat propio sortu duen Malko isuria koreografia lantzen.
Lezora dakarten lana, berriz, Errimak oinetan, Unai Elizasuren ideia da, Elizasu beraren eta Beobideren zuzendaritzapean gauzatu dena. Dantzan Beobide bera, Garazi Lekuona, Iker Sanz, Ane Jauregi eta Amaiur Luluaga arituko dira. Bertsoak Sustrai Kolinak jarritakoak dira. Bertso musikatuen egileak Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaraville dira. Kantuen egileak: Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta gutarrak, Maddalen Arzalluz eta Miren Amuriza.
Dantza eta bertsoa lotzen dituen ikuskizun honetan, «hasierako agurrak daude, gaiak daude, gaiei bertso kantuz eta propio sortutako bertsoz erantzungo zaie…», Unai Elizasuk dioen moduan. Finean, oinek interpretatuko dute errima, oinek beteko dute gaiaren agindua, dantzak beteko du bertsoa, bertsolariak eta kantuek mugiaraziko dituzte dantzariaren oinak, dantzak bertsotan egingo du, urratsez. Taula gaineko bost aulkiak dantzarientzat izango dira. Bertsolariak eta kantariak megafoniaz arituko dira. Emozioak eta zirrarak bermatuta daude.
Ikuskizunari lezoar ukitua emateko, bertako desfileko pertsonaiak ibiliko dira batera eta bestera Bekoerrota kiroldegian zehar, irailekoaren atariko modura. Ez ahaztu, arratsaldeko zazpietan da hitzordua.