Mugikor harremanak
Nazional maila edota soziokultural arloa erdi onartuta dauden honetan, harreman mugikorrei buelta emateak ere zilegi behar luke, hitz-jokotxoa ahalbidetuz. «Lotesle neurriak», entzun nion hauteskunde kanpainan zehar politikari bati, pentsa! Tira, balio bezate lerro hauek sarrera gisa.
Mugikorra beharrean, segapotoa erabiliko dut; askoz jatorragoa, hedatuagoa, eta XXI. mendeko gazte kosmopolitaren belarrira doinu modernoa zipriztintzen duena, zalantzarik gabe. Segapotoan, beraz, aktibitate handia duena kexu agertu ohi da, denbora asko kentzen diolako, beti erne egotera behartzen duelako, jendeak ergelkerietarako besterik ez duelako erabiltzen, eta abar. Edo agian kexu agertu ohi da, aktibitate sozial handia duela erakusteko beste modu bat delako, batek daki. Kontua da kexatiak bitarteko gutxi jarri ohi duela aktibitate hori murrizteko, eta lasaiago bizitzeko.
Gizarteari onura handiak ekarri dizkiote teknologia berriek, nola ez. Imajinatu egoera familiar klasiko bat: bikotea zerbait hartzera joan, taberna txukun bateko terraza eguzkitsuan, gizona axolagabe egunkaria irakurtzen. Maiz emakumea umeez arduratzen da bitartean, edo besterik gabe zigarro bat erretzen du, tarteka kafesnea ahoratuz. Urrunegi joan gabe, atzo bertan irakurri nuen oso antzeko pasarte bat Lourdes Oñederraren Intemperies eleberrian. Zorionez, teknologia berriek egoera deseroso hauetarako soluzioa eman digute: Smartphone eta abarrak eskutan, biak egon daitezke entretenituta; are gehiago, bien arteko elkarrekintza erraztu dezakete lantzean behin. Elkarrekintza erreala, erran nahi baita; birtuala ez dena. Gizarteak, sektore progreak barne, begi on samarrez ikusten ditu egoera hauek. Eguneroko bilakatu dira, ohiko. Zoritxarrez, bikoteak umeen zaintzaz arduratu behar balu, hauei ere gadget bana erosi eta aire. Urteetan umeei mahaian halako trasteak erabiltzea debekatu ondoren, gutxienez ez gara hipokresian erori, eta guk egiten duguna egiten uzten diegu. Eredugarriak izaten jarraitzen dugu behintzat.
Ez da guztiz egia gizarte osoari ondo iruditzen zaiola edonon eta edonoiz segapotoak ateratzea. Bada Youtuben bideo bat, biral bilakatu dena, I forgot my phone izenekoa. Lagun guztiak segapototik zintzilik dituela-eta bakarrik sentitzen den neska du protagonista. Bideo hori bera erakutsi zidan ostiraleko afalostean lagun batek bere Samsung Galaxyan, mundua zein gaizki dagoen ikus dezadan, esanez bezala, Yaw musika talde donostiarraren hitzekin, «hasi al zara ikusten hortaz zer mundu mota ari garen sortzen?». Bitartean, gai interesgarri samar bat zen eztabaidagai gainerako lagunen artean, baina ezin izan nuen zeharka baino jarraitu.