Hondakinak atez ate biltzearen aldeko ahotsak eta kontrakoak. Denak bildu ziren atzo Donibaneko pleno aretoan. Pasaitarren Eskubideak taldearen mozioa eztabaidatu zuten atzoko plenoan, eta gaiaren gaineko kontsulta eskatzeko han bildu ziren hamarnaka herritar, aldarriak eskuan. Publiko artean,
Hondakinak atez ate biltzearen aldeko ahotsak eta kontrakoak. Denak bildu ziren atzo Donibaneko pleno aretoan. Pasaitarren Eskubideak taldearen mozioa eztabaidatu zuten atzoko plenoan, eta gaiaren gaineko kontsulta eskatzeko han bildu ziren hamarnaka herritar, aldarriak eskuan. Publiko artean, baina, baziren ere atez atekoaren aldekoek eta alkateak behin baino gehiagotan baretu behar izan zuen bi aldeen arteko eztabaida.
Argudioak, baina, batzuk zein besteek orain baino lehen erabilitakoak: “kutsatzea ez dela eskubidea” deritzote atez atekoaren aldekoek, eta errauste plantarik ez dutela nahi gogoratu zuten, “garestia ez ezik, kutsakorra delako”. Kontrakoek, berriz, atez atekoa “garestiagoagoa eta deserosoagoa” izateaz gain, “inposatutako sistema” dela kritikatu zuten. “Herritarrak heztea” dela kontua, eta “ez derrigortzea”.
Udalak bilketaren gainean zabaldutako datuak ezbaian jartzeaz gain, hondakinak biltzeko sistema berriaren kontrakoek bildutako 4000tik gora sinadura gogorarazi zituzten, eta gaiak luzerako eman zuen. Amaia Agirregabiria alkateak atzo jakinarazi zuenez, sinadura horiek ez daude udaletxean. “Akta notarial” bat baino ez omen dute bertan, baina, sinadurak ez dituzte idazkaritzan aurkeztu, arduradunei bide ofizialen bidez hala eskatu zaien arren. Pasaitarren Eskubideak taldearen bozeramailek, baina, horrez zergatia azaldu zuen: “sinadura emandako lagun askok ez omen dute nahi bere datu pertsonalak udaleko pertsonalaren eskura iristea”. Edonola ere, akta notarial horrek baduela nahikoa balio aldarrikatu zuten.
Azkenean, baina, mozioak ez zuen aurrera egin, eta honenbestez udalak ez du gaiaren gaineko kontsultarik deituko. Berdinketa eman zen botazioan, aldekoen (PSE-EE, PP, EAJ) eta kontrakoen artean (EH Bildu), zortzi botona, Ezker Anitza abstenitu egin zelako. Mozioa, hala ere, ez zuten onartu halakoetan alkateak erabili dezakeen kalitatezko botoari esker.
Biteri plazari buruzko mozioa, erretiratua
Atez atekoari buruzkoa ez zen atzo mozio bakarra izan. Gai zerrendan bi zeuden aurreikusita; Biteri plazari buruzkoa bata eta Euskal Kutxen etorkizunari buruzkoa bigarrena. Urgentziaz baina, beste bi eztabaidatu zituzten; Oiartzungo atxiloketen gainekoa lehena, eta errepublikari buruzkoa bigarrena.
Biteri plazari buruzkoa erretiratu egin zuen PSOE-EEk, gaiari heltzeko konpromisoa hartu zutelako talde guztiek, barrutirako dauden hirigintza asmoek hala behartuta, parte hartze prozesu berri bat abiaraztea delako asmoa. EuskoTrenek trenbidea lurra azpitik bideratzeko asmoa du, eta ibilbide berriak barrutia alderik alde zeharkatu eta aldaketa handiak eragingo dituela ohartarazi zuen Izaskun Biurrun alkateordeak. Besteak beste, Azoka eraitsi beharko litzatekeela aurreratu zuen alkateordeak.
Euskal Kutxen etorkizunaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioak ez zuen aurrera egin. Ezker Anitzak eta PSE-EEk alternatiba bana aurkeztu zuten, baina hiruetako bat ere ez zuen aurrera egiteko nahiko babesik bildu.
Azken bien botazioetan, PSE-EEk ez zuen parte hartu, ez ohiko plenoa izaki premiazko moziorik ezin zela onartu iritzita. Honenbestez Oiartzungo salaketak salatzeko mozioak aurrera egin zuen, baina ez Ezker Anitzak errepublikaren alde aurkeztutakoak, beste taldeek ez zutelako babestu.