Badaezpada
Dagoeneko hurbildu zaigu uda, hementxe dugu, ate joka. Badator uda eta badatoz udako festak eta ospakizunak ere. Eta ospakizunekin, mitoak, erritoak eta kondairak; urteen poderioz ohitura bihurtu direnak.
Astelehenean, esaterako, San Joan bezpera ospatuko dugu. Donibane jaia gisa ere ezagutzen den festa honek jatorri paganoa du, eta ipar hemisferioko solstizioarekin du lotura. Kondairak dioenez, eguzkiari indarra emateko ospatzen da festa; egunak luzeak izaten jarrai dezaten pizten da sua.
Hori dio kondairak. Hori eta beste mila kontu. Izan ere, nork ez du entzun San Joan Egunaren inguruko mitorik? «esaten dute…», «entzun dut…», «uste dut…», eta gisakoak esaten ditugu urtero. Eta ez, ez! Ez ditugu sinesten. Nork ez du entzun, adibidez, San Joan bezperan pizten den suaren gainetik salto egin behar dela? Urte osorako babesa ematen omen du honek. Ez dugu sinesten. Beste batzuk suaren gainetik ez, olatuen gainetik salto egin behar dela esaten dute. Bizkarrez. Energia negatiboak kentzen omen dira horrela, baita emakumeen ugalkortasuna handitu ere. Ederra misterioa. Ekainaren 23an iturrietako eta putzuetako urak garbitu egiten omen du, purifikatu. Hala, urte osorako osasuna lortzen omen da. Omen. Ez dugu sinesten. Beste batzuk diote gau horretako ihintza kutxa batean gorde behar dela, eta urte osoan kutxan mantendu. Edo goizean goiz jaiki eta oinutsik ihintza zanpatu behar dela. Honek ere osasuna bermatzen omen du. Gau horretan etxeko atarian lizarraren, erramuaren edo elorri zuriaren adarrak jartzea ere gomendatzen dute; etxea tximistetatik babesten omen du. Omen. Desirak eskatzeko aukera ere izaten da San Joan bezperan. Entzun izan dut paper zati batean hiru desira eskatu eta San Joan bezperako sutara bota ezkero desirak bete egiten direla. Beste batzuk diote ez direla desirak paper zatian idatzi behar direnak, bizitzatik urrundu nahi ditugun gauza txarrak baizik. Ederra ba dilema! Eta ederra urtero koadrilan edukitzen dugun eztabaida! Baina ez dugu sinesten. «esaten dute…», «entzun dut…», «uste dut…», eta gisakoak esaten ditugu urtero, egia direla guztiz sinetsi gabe, baina badaezpada egin, egiten ditugu. Badaezpada…
Urteekin gizartea aldatu egiten da, baita sinesmenak ere. Festa honen errealitatea, gaur egun, kondairetatik eta mitoetatik asko urruntzen da toki askotan. San Joan bezpera festa eta parranda eguna da askorentzat. Etxeko traste zaharrak botatzeko eguna, lagunartean sardinak eta patata tortilla jateko eguna, oporretan daudela ospatzeko eguna, Hernanira parrandan joateko eguna… Nork bere modura moldatzen du tradizioa; nork bere errituala du, nork bere ohitura.
Aurten ere San Joan bezpera ospatuko dugu. Urteroko eztabaidetan galduko gara: zer botako diogu suari indartu dadin? Zein ordutan piztu behar da sua? Zer idatzi behar da paper zatian? Urtero bezala gozatu egingo dugu kondairak ohitura bihurtzen, gure erara, gure gisan. Eta, urtero bezala, sinesten ez ditugun erritoei kasu egingo diegu; ez dugu sinesten, baina badaezpada…