Harrera ekitaldia egin diete Saharako umeei
Oporrak Bakean programaren barruan Saharatik etorritako 11 umeei harrera egin diete gaur eguerdian udaletxean egindako ekitaladian. Alderdi politiko ezberdinetako hautetsiak, umeak eta harrera gurasoak elkartu dira ongietorrian. Ekaina bukaeran iritsi ziren umeak Irunera, Tadamum elkarteak eta udaleko Gizarte Ongizate, Hezkuntza eta Gazteria sailek egindako elkarlanari esker. Udaletik azaldu dutenez, beste ume bat gehiago iritsi da Irunera, baina harrera gurasoak faltan, egoitza batean dago hezitzaile eta beste gaztetxoekin batera.
Programaren 14. ekitaldia da aurtengoa eta kontent agertu dira bertan parte hartzen ari diren alde ezberdinak. Umeek adierazitakoaren arabera, bidaia “ona” egin zuten Euskal Herriraino eta gustura daude harrera gurasoekin, baina euren familiak faltan botatzen dituztela esan dute. Hala eta guztiz ere, uda azkar pasatzen dela eta segituan ikusiko dituztela berriz ere gaineratu dute.
Txingudi Sahararekin Tadamum Elkarteko Miren Olaskoaga kide eta harrera amak hitza hartu nahi izan du harrera ekitaldian. Pozik agertu da Oporrak Bakean programaren ekitaldi berri honekin baina Saharako umeekin “ez ahazteko” eskaria luzatu die hautetsiei. Hala, hark hartutako umearen kasua azaldu du Olaskoagak: “11 urte dauzka eta 25kg-ko pisua du, Euskadin 6 urteko haurrek izaten dute pisu hori” salatu du.
Smararekin senidetza
2003. urtean Irungo Udala Mendebaldeko Saharan kokatutako Smara hiriarekin senidetu zen, eta urtero, lankidetzarako hitzarmen bat sinatzen dute geroztik. Horren arabera, umeen bisa, hegaldiak eta aseguruak ordaintzen ditu Irungo Tokiko Gobernuak. Hitzarmen horren barruan era berean, Minen Biktimentzako Sostengu Gunearekin elkarlanean ari da udala.