Inma Landa jenerala tropak eta udaleko hautetsiak agurtzen
2014ko San Martzial egunarekin “poz-pozik” dagoela adierazi du Alarde Parekidearen Batzordeak, “dena primeran atera da-eta”. Alarde “eder eta alaia” egiteagatik “eskerrik zintzoenak” eman nahi izan dizkio batzordeak alardean parte hartutako herritar orori. Hala, “alardeko konpainia eta unitate guztiei eskertu nahi diegu erakutsi duten jarrera arduratsua, uneoro eta batik bat arratsaldean, halaxe bete ahal izan baitugu hutsik egin gabe aurten Segurtasun Sailak ezarritako ordutegia”.
Horrez gain, “eskerrik asko, nola ez, aurten ere edo aurten lehen aldiz animoak ematera eta txalo egitera kalera atera diren guztiei: denon artean egun ahaztezin eta hunkigarria egin dugu”, gaineratu dute.
“Harro” agertu dira buruzagiak halaber “urtetik urtera Alarde Publikoa hazi eta sendotu egiten delako” bere ezaugarriei eutsiz: “errespetua, aniztasuna eta alaitasuna”.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Emakunderi eta Aratekoari erakutsitako sostengua eskertu nahi izan dute Alarde Parekidetik “haiexek ahalbidetzen baitute beren sostenguarekin emakumeek festan parte hartzeko duten eskubidea gauzatzea”.
Horiek horrela, “gero eta argiago agertzen zaigu desberdin pentsatzen duten pertsonen arteko errespetua eta ezagutza nagusitzen ari dela gure hirian”. Hala eta guztiz ere, Jose Antonio Santano alkatearen jarrera kritikatu du batzordeak: “Erakunde publikoetako ordezkarien betebehar etiko eta politikoa gizonek eta emakumeek berdintasun osoz parte hartzen ahal duten alardea babestea eta laguntzea” izan beharko lukeelako.