Esklerosi anizkoitza dutenen alde bustiko dira Fanderiako igerilekuan
Urtero udan egiten den bezala, aurten ere esklerosi anizkoitza dutenen aldeko jardunaldia egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko 80 hondartza eta igerilekutan. Horietako bat izango da Errenteria-Oreretako Fanderiako igerilekua. Bertan ospatuko dute Busti zaitez kanpainaren 17. ekitaldiko jarduera bat.
Kanpainaren helburua elkartasunezkoa da. Horrela, parte hartzaileek igeri egiten dute esklerosi anizkoitza dutenei modu sinbolikoan laguntzeko. Gero ziurtagiria jasotzen dute, busti direlako. Egunaren bukaeran herri guztietako metro guztiak kontatu eta batu egiten dituzte.
Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak (ADEMGIk) erakusmahai bat jarriko du Fanderian, bai gaixotasunari buruzko informazioa emateko, baita Kukuxumusuk kanpainarako propio sortutako produktuak saltzeko ere. Elkarteak zentro bat du Donostian, esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonen errehabilitaziorako.