Hondakinen bilketa sistema berriaren lehen eguneko balorazioa egin du udalak eta bere "poza" adierazi nahi izan du. Era berean, "pazientziaz" jokatzeko eskatu die herritarrei "zenbait akats detektatu eta zerrendatu" dituztelako. Atez atekoaren aldeko herritar taldea ere "pozik" agertu da sistemarekin eta hautetsiek egindako lana goraipatu du.
Sistema berriaren lehen hondakin bilketa
Pasai San Pedrok eta Trintxerpek hondakin sistema berriari heldu diote dagoeneko eta horren lehen egunean “pozik” agertu da udala: “Balorazio oso positiboa egin nahi dugu, bilketa normaltasunez egin baita”. Lehen gauean ontzi arinak bildu dituzte udal langileek eta udaletik adierazitakoaren arabera, “gauean herrian zehar egin dugun bisitan ikusi dugu sanpedrotar eta trintxerpetar gehienek hondakin-atala ongi bereizita eta bere lekuan utzi dute”. Era berean goizean ireki diren bi garbitxokoen funtzionamendua “egokia” izan dela eta “inolako eragozpenik” sortu ez dela erantsi du.
Zenbait herritarrek sistema berria “begi onez” ikusi ez dutela ere onartu du udalak. Hala ere, “herritarrei gure esker ona erakutsi nahi diegu” eta “pazientziaz jokatzeko eskatu behar diegu, zenbait akats detektatu eta zerrendatu baititugu. Datozen egunetan presaren eta lan kargaren ondorioz gertatu diren akats horiek konponduko direla jakinarazi behar dugu”.
Sistema berriaren lehen hondakin bilketa
Hori horrela, “lan bikaina” egin dutela eta, udal langileen zein Bizibadiako beharginen jarrera “positiboa” eta “prestutasuna” eskertu nahi izan dituzte udal agintariek.
Bukatzeko, %70eko birziklapen tasa gainditzea espero du tokiko gobernuak bilketa sistema berriarekin. Hala ere, %85eko bilketa selektibora iristeko dena prest dutela gaineratu dute.
Herritarrek EH Bildu eta Ezker Anitza zoriondu dituzte
Atez atekoaren aldeko herritar taldea “pozik” agertu da sistema berriarekin eta EH Bilduren zein Ezker Anitza-IUren hautetsiak zoriontzeaz gain, “erakutsitako ausardia aitortu nahi diegu”. Izan ere, “ekaitz latzenaren aurrean aurrera egin dute helburua lortu arte, erasoak, irainak eta gezurrez jositako kanpainei tinko aurre eginez”. Hori dela eta, “zoriondu nahi ditugu sistema hau martxan jarri duten zinegotziak: beraiek ondo egin dutelako, herritarrek ondo egin ahalko dugu”.
Pasaiako Udalak “baliabideak” jarri izanaz kontent agertu dira: “Gaurtik aurrera, gure etxeetatik zaborra atera beharrean birziklagarri diren hondakin frakzio guzti guztiak bereizita atera ditzakegu”. Hala, “pozik” daude herritarrak “Pasaia Zero Zabor herrien bidean jarri dugulako”.