Bozkatu eta gero
Abisu serioa eman dio Kataluniak estatuari hilaren 9an herri kontsulta edo bozketa alternatiboa eginda. Are serioagoa, izandako emaitzak ikusita. 2.250.000 boto; hamarretik zortzi, independentziaren alde. Alegia, orain kontsulta deitu duten alderdiek, 2012ko azaroaren 25ean, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan lortutakoa baino 150.000 boto gehiago. Guztira, 3.688.310 boto izan ziren hauteskunde haietan; %69,56ko partaidetza.
Estatuaren mehatxupean egindako herri kontsultak agerian utzi du Katalunian gorantz doala independentziaren aldeko jarrera. Bozketa egin baino egun batzuk lehenago frogatuta utzi zuen joera hori boto asmoari buruzko barometroak. Hauteskundeak orain egingo balira, ERC alderdi independentista izango litzateke lehen indarra (%23,2), CIUri (%19,4) aurrea hartuta. Irauli egingo litzateke, beraz, azken hauteskundeek utzitako mapa. Eta beste datu bat: urte gutxi batzuetan %12tik ia %50era igo da kataluniarren artean independentziaren aldeko iritzia.
Estatua ohartu da herri kontsultak utzitako emaitzen larritasunaz. Mariano Rajoyk behin eta berriro bozketa galarazteko mezuak igorri baditu ere, azkenean ez da ausartu bozketa galarazten.
Politikari baldarra da Rajoy. Iaioa da, gero beteko ez dituen ezezkoak aireratzen, eta ebidentziak ukatzen. Horixe egin du oraingoan ere, elkarrizketari inolako aukerarik eman gabe. Arazoei bizkarra eman eta ihesa aukeratzen duen politikaria da Rajoy; ihesean, zakurrak askatu eta arerioen kontra xaxatzen dituen horietakoa.
Testuinguru eta estilo horren barruan kokatu behar da Fiskaltzak (gobernuaren aginduz) Artur Masen eta hainbat kontseilariren kontrako salaketa aurkezteko asmoa izatea (artikulu hau entregatutakoan salaketa iragarrita zegoen, baina oraindik ez zen aurkeztu). Ibilbide motzeko erabakia, bide horretatik ere, estatua sutara egur gehiago botatzen ari baita, eta ondorioz, independentziaren garra indartzen.
Aurreko batean Itsasgora espazio aske honetan nioen zoriontzeko modukoa zela Artur Masek herri kontsultaren gurdia bozketaren atariraino bultzatu izana, baina ez nuela uste kontsultaren atea berak irekiko zuenik; alegia, une horretan atzera egingo zuela. Itxuraz ez da horrelakorik gertatu. Batean eta bestean entzundakoa da, kontsulta aurretik Generalitateak hartu-emanak izan dituela Rajoyren gobernuarekin eta PSOE alderdiarekin. Kontaktu horien edukia isilpean dago. Pentsa dezagun sukalde horretan ez zela Kataluniako herriak espero ez duen saldaren bat egosiko. Handiagoak ikusi dira historian!
Dena dela, eta inora ez daramaten susmoak baztertuta, Artur Masek bi asteko epea hartu du subiranotasunaren alde dauden alderdiekin eta PSCrekin hitz egiteko. Azken honekin, urteko aurrekontuak onartu nahiko ditu, ERCk agortutzat eman baitzuen CIUrekin legealdirako egindako ituna. Kontsultaren alde egin duten alderdiekin, berriz, etorkizunerako bide orria adostu beharko du; seguru asko, ICV-EUIA federalistak onartuko ez duen independentziarako bide orria.
Horretan ere, bidegurutzean aukera egin beharrean aurkituko da Artur Mas: Madrilekin adostu ala zuzenean etxean erabaki. Bide bat ala bestea. Rajoyri aste honetan igorri dion gutunean, benetako herri kontsulta adostu eta ahalbidetzeko bilera eskatu dio, bide hori antzua dela jakinda; lehen ere, ate hori behin eta berriz jo arren, inork ez baitu ireki nahi izan. Eta berehala iritsi zaio erantzuna: Rajoyk ezezkoa eman dio erreferenduma adosteari.
Hortaz, hauteskundeak deitzea da beste aukera, ondoren, zuzenean independentzia aldarrikatzeko. Azken finean, Artur Masek dena du irabazteko. Inkestek CIUri ematen dioten porrota, Pujol auziak CIUri eragin dion higadura eta Mas beraren inguruan dabilen komisio edo eskupekoen gaiak hilotz politiko bihurtu dute Generalitateko presidentea. Orain, gainera, epaitegiek politikarako ezar diezaioketen gaitasungabetzearen ezpata gainean duela, independentziaren norabidean tinko aurrera egitea izan lezake ihesbide egokiena. Behin honaino iritsita, Kataluniako gizarteak ez luke besterik ulertuko.