"Justua" ez iruditu arren, Oiartzunek San Markori ordainketa egin dio
Herrian atez atekoa jarri zenetik, San Markok ez dizkio ematen hainbat zerbitzu herriari, udalak hartu zituelako bere ardurapean.
2014ari dagokionez, Oiartzungo Udalak San Marko Mankomunitateari eman behar zion kopuru finkoa ordaindu du, 124. 557 euro. Baina ez da horretan gelditu udala. 2014ko aurrekontuetan aurreikusia zuen mankomunitateak zifra hori, eta horren harira, udalak aurrekontu horiei errekurtsoa jarri zien otsailean, “justiziarik gabeko egoera hau konpontzeko saiakera” egiteko.
Izan ere, udalak uste du ez dela “justua” Oiartzunek diru kopuru hori ordaintzea “jasotzen ez dituen zerbitzu batzuengatik”. Adierazpen horren arrazoia da Oiartzunen atez atekoa jarri zenean, udalaren gai gelditu zirela hondakinak jasotzeari zegozkion frakzioen gaineko gastuak, hortaz, horiek ez ditu San Markok betetzen. Hori bai, udalak zehaztu du San markora bideratzen den errefusa tona bakoitzeko ordaintzen duela, 144,26 euro.
Denis Itxaso San Markoko presidenteak berriki esan du Oiartzunek, Pasaiak, Lezok, Usurbilek, Astigarragak eta Hernanik bezala, zorra zuela San Markorekin. Hori, Oiartzungo Udalaren esanetan, “gezurra” da, “nahita gezurretan ari da atez ateko bilketa desprestigiatzeko, partidu interesak soilik aintzat hartuz.
San Markoko aurrekontuei aurkeztutako errekurtsoari buruz, udalak adierazi du Euskadiko Auzitegi Gorenean dagoela gaia, epairik eman gabe.
%83ko birziklatze tasa
Oiartzungo Udalak helarazitako oharrean, gogorarazi du udalerrian birziklatze tasa %83koa dela (abuztuko datua da), eta urtean eta pertsonako 247 kilo hondakin biltzen dituela gaika. Errefusaren kopurua, urteko eta pertsonako, 78,27 kilokoa da.