Larunbat honetan egingo dute azokaren hirugarrem aldia. Postuekin batera, hondakinen berrerabilpen tailerra eta auzo konpostaren aurkezpen ekitaldia egingo dute.
Kontsumo arduratsuaren 3. azoka hartuko du Saldise plazak larunbat honetan, hilak 29, eta erantzun paregabea eman dute lezoarrek. Izan ere hogeita hamahiru herritarrek eskatu dute azokaren barruan postua jartzeko baimena. Postu horietan bigarren eskuko objetuak salduko dituzte. “Espazioak eta eguraldiak” mugatuta dagoela esan du udalak, eta “asmoa eskaera guztiei lekua egitea” bada ere, ez dutela erraza izango gaineratu du. Bi eguneko epean jakingo dutela eskaera egin duten lezoarrek postua jartzeko aukera izango duten ala ez esan djte udaletik.
Herritarren salmenta postuez gain, Eskolen gunea izango da azokan. Eurek bildutako produktuak salduko dituzte bertan ikasleek eta hazien tailerraren berri ere emango dute gune horretan. Nekazal gunean berriz, Lezon bertan ekoitzen diren produktuak erakutsiko dituzte. Azokan izango dira Goiener, Askekintza eta Fiare, postu banarekin eta Erlemunduak ere ez du kale egingo. Ezti dastaketa eta salmenta egingo du azken horrek. Gaxuxa emakume taldeak ere bat egin du azokarekin eta Paleikek, paleekin egindako altzariak jarriko ditu bere postuan.