EAJk ez du babestuko gaurko plenoan Bilduren aurrekontu proposamena, "ez dielako lezoarren beharrei erantzuten".
EAJko Lezoko hiru zinegotziak beste agerraldi batean
Bilduren udal gobernuak aurrekontu “kontinuistak” eta “anbiziorik gabekoak” aurkeztu dituela salatu du EAJko bozeramaile Kepa Garbizuk eta aurrekontu proiektuak ez diela lezoarren arazo eta beharrei erantzuten gaineratu du. Horrenbestez, gaur arratsaldeko udalbatzan 2015 urterako Bilduk aurkeztuko duen aurrekontu proiektua ez duela babestuko aurreratu du Garbizuk.
Aurrekontuak aurreko urteko jarraipen “hutsa” dira alderdi jeltzailearentzat, “herriaren benetako beharrak zeintzuk diren kontuan izan gabe”. Azken urteetan Lezok gainbehera izan du EAJren ustez gainera, eta egoera hori aldatzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute: “Herriko dendak ixten ari dira eta inguruko herriekiko dugun menpekotasuna gero eta handiagoa da. Lotarako herria bihurtzen ari da Lezo abiadura izugarrian”.
Elkarlanerako borondatea
Kale mantenuaz ere aritu da EAJ prentsa oharrean. Bere ustetan herriak ez itxura onik ematen “garbiketa ezaren” ondorioz, eta hori dela eta egoera hobetzen lagunduko luketen bisitariak ez direla bertaratzen gaineratu du. Horren ardura gobernu taldearen “anbizio ezari” leporatu dio Garbizuk, “gobernuak ez du jakin probetxu ateratzen herriaren kokapen egokiari eta inguruko herriek jasotzen dituzten bisitari eta turisten sinergiari. Ez du jakin herriko merkatari eta ostalaritza bultzatuko lukeen erlijio turismoaren tradizioa berreskuratzen ere. Behar horiei erantzuteko lanabesik garrantzitsuena, eta aurrekontu hauek ez daude behar horiek erantzutera bideratuta”.
Dagoeneko mugatuta diren udal baliabideak lehentasun txikiagoa duten gaietan “xahutzea” leporatu dio Garbizuk Bilduri, “atez ateko zaborren bilketak eragindako gain kostuetan adibidez”. Elkarlanerako borondatea azaldu du EAJk, “udal gobernuari norbaide aldaketarako eta lezoarren benetako arazoei erantzun egokia emateko ekintzak garatzeko”.