Sukalde kontuak
Azaroa. Aza aroa. Baita hazi aroa ere, hazia ereiteko garaia. Gastronomia harrotasun ikurtzat dugun Euskal Herrian, azaroa izar aroa ere bihurtu zaigu. Michelin izarrak zenbatzeko garaia. Aurtengoan, guztira, 33 izar lortu dituzte euskal jatetxeek eta baten batek esango du, haziak erein ondoren, ondo egindako lanaren emaitza jasotzen ari direla euskal sukaldariak.
Baina azaroa amaitzen ari da eta abenduaren hasieran beste harrotasun ikurtzat dugun kontu bat ospatzeko eguna iritsiko da: Euskararen Eguna. Esango nuke, hala ere, abenduaren 3a izarrak zenbatzeko baino zulo beltzak kontatzeko erabiliko dela. Ez baitirudi euskararen egoerarekin sukalde kontuekin bezain kontent gaudenik.
Azken egunetan, euskara eta sukaldea lotzen dituzten metafora gozoak irakurtzeko aukera izan dut. Lehenean, Leire Narbaizak gailetak eta hizkuntza lotu zituen euskararen kalitateaz hausnartzeko. Gipuzkoako Hitza-n idatzitako artikuluan, Narbaizak dio euskaraz dihardugunean gaztelaniazko formak dauzkagula buruan. Gailetak egiteko moldea balitz bezala moldea gaztelaniazkoa litzateke, forma ematen diona, eta gaileta-orea, euskarazko hitzak. Horrela euskal gailetak egiten omen ditugu, euskarako gustua dute eta gaztelaniaren forma.
Bigarren metafora gozoa Argia aldizkarian Juan Inazio Hartsuagari egindako elkarrizketan topatu dut. Hartsuagak dio euskaldun elebakarrak desagertu direnean legamiarik gabe gelditu garela. Bere ustez, legamia beharrezkoa, eta egun, legamia euskaltzalea bakarrik izan daitekeela: «Zoazen lekura euskaraz hitz egiten baduzu eta erdaraz egiten dizuten euskaldunei euskaraz erantzuten badiezu, jendeak badaki zurekin euskaraz egin behar duela».
Niri beste sukaldaritza metafora bat ere bururatu zait. Batzuetan euskara taloarekin lotzen dut. Taloa oso gurea sentitzen dugu. baina, era berean, oso exotikoa zaigu. Urtean zehar ospatzen ditugun euskal jaietan gustura eta harro jaten ditugu, baina egunerokotasunean ez dugu taloren beharrik.
Metafora hauek buruan, Euskararen hiriburuko merkataritza-gune handienean andre bat marmarka ikusteak errealitatera jaitsi arazi nau. Haragiz betetako apalen aurrean bertako bi langileei errieta egiten ari zaie, haragi artean idatzitako testuak euskaraz daudelako. Gaztelaniaz ere badaude, noski, baina euskarazko errotuluen artean egoteak traba sortzen omen dio andre gizajoari.
Arrandegirantz jarraitu dut euskara haragi gutxi eta hezur txiki mordo bat duen arraina besterik ez dela pentsatuz. Segi dezagun, beraz, Basque Culinary Center ederrak sortzen eta Campeonato de Euskal Herria de Pintxos arrakastatsuak antolatzen, molde eta legamiarik gabeko taloak egun berezietarako utziz.