Pasaiak gainditu du helburutzat ezarritako birziklatze tasa
San Markoko Mankomunitateko datuen arabera, urrian Pasaian jasotako frakzioen %76,6 birzikla daiteke
San Markoko Mankomunitatearen datuen arabera, Pasaian urrian jaso diren frakzioen %76, 5 birzikla daitezke. Hondakinak atez ate biltzeko sistema udalerri osora hedatuz geroztik lortutako emaitza da, –urriaren 2an ezarri zen Pasaia osoan hondakin bilketa sistema berria, San Pedro eta Trintxerpera jauzia eginez– eta honenbestez, udalak atez atekoa ezarri baino lehen jarritako helburua betetzat eman du. Sistema aldatu baino lehen, birziklatze tasa %70era iritsi behar zela adostu zuen plenoak. Udalaren arabera “datuek argi erakusten dute aukeratutako bilketa sistema egokia eta eraginkorra dela”. Zehaztu dutenez, “edukiontzi bidezko sistemarekin, hilabeterik onenean –2013ko maiatza– %35,1 izan zen birziklatze daturik onena” eta datua lortu berri den “76,5etik urrun” dagoela nabarmendu dute.
Bilakaera, goranzkoa
2013ko irailean, Donibanen sistema berria ezarri zenean eman zen lehen gorakada; birziklatze tasa %40,5era igo zen orduan. 2014ko martxoan lortu zuten bigarren gorakada, atez atekoa Antxora zabaltzearekin batera; %54ko birziklatze tasa lortu zen, Antxoko ezarpenarekin bat beste salto bat eginez. Udalak dioenez “urriko datuak berresten du aukeratutako bilketa sistemak erabat bermatzen duela bilketa selektibo on bat”.
Datuen bilakaera jakinarazetko esku orria banatuko du datorren astean udalak, etxez etxe. Datuen bilakaeraz gain, herritarrek etxeetan sailkatzen dituzten frakzioekin zer egiten duten azaltzen da eta baita frakzio bakoitzaren tratamenduagatik udalak zenbat diru ordaindu edota jasotzen duen.
Protesten harira
Sistema berriaren kontrakoek zabor poltsak kalean uzten ari direla eta, bere iritzia eman du Gobernu Taldeak esku orrian. “Protesta egitea zilegi” dela diote, baina “formak zaintzeko eskatu” dute, “zabor poltsak lurrean utzita pasaitarrei kalte egitea besterik ez delako lortzen”. Bide beretik, lurrean utzitako zaborra errefusa dela nabarmendu dute “tratatzeko garestiena gertatzen den frakzioa”. Horrez gain, “lurretik zaborra jasotzen aritu behar duten udal langileek, horretan ari diren denboran, beharrezkoak diren beste lan garrantzitsu batzuk egin gabe utzi behar dituztela” ohartarazi dute. “Arduraz jokatzeko eskatu” eta “zenbait alderdi politikoei protesta egiteko modu horiek sustatzen dituztenei arnasa eman eta babesteari utz diezaioten” eskatu diote.