Amerika
Amerika Cristobal Colonek deskubritu zuen 1492an. Bertako biztanleek auskalo zenbat lehenago zuten deskubritua (Eduardo Galeanok argi utzi zuen moduan).
Ohar bat eman nahi nioke irakurleari: hemendik aurrera irakurriko duena ez da fikzioa. Oiartzunen esan eta entzundakoak dira.
«Oso bortitza da ispiluak jartzea kalean». «Iraultza feminista… Iraultza oso hitz gogorra da». «Herria pankartaz josi dute, erasoa kontrastatu gabe». «Sekulako indarra ari dira hartzen!». «Horiek denak erasotu badituzte, zer, Oiartzungo gizon guztiak maltratadoreak al dira?». «Feminismoaz eta berdintasunaz hitz egiten dute Amerika deskubritu izan balute bezala…».
Bi ispilu jarri zituen iaz gure herrian Antiju Morik talde feministak. Ei, emakume! Ez zara erasotua izateko jaio eta Ei, gizon! Ez zara erasotzaile izateko jaio! zioten. Zer pentsatua ematen zuten. Ez naute inoiz jo inguruko mutilek/gizonek. Baina beldurtzen nau gauez bakarrik ibiltzeak, deseroso sentitzen naiz minigonan parrandan, eta asmatu izan ditut mutil-lagunak bakean utz nazaten.
Iraultzaile. Iraultza zerga. Erakunde sozialista iraultzailea. Iraultza pertsona izen gisa. Langile iraultza. Iraultzen aldizkaria. Zenbatetan erabili den hitz hau gure herrian. Eta ez da bortitz gisa definitu —zenbait sektoretan bederen—, baizik eta eredu gisa askotan. Baina iraultza feminista bada… kontuz!
Clara Rangel (Venezuelakoa, oso garrantzitsua) bere bikoteak (Venezuelakoa, oso garrantzitsua) hil zuenean ez zegoen arazorik herria pankartaz betetzeko. Venezuelarrak ziren. Ez zen erasoa kontrastatu beharrik.
Aurten, Azaroaren 25ean, talde berberak plaza herriko emakumeen argazkiz eta mezuz zabaldu zuen. «Ni ere erasotu naute eta erantzun dut!», zioten, harro. Baina herritar askok oraindik uste dute emakume bat erasotzeko paliza bat jaso behar duela, eta ospitalean ingresatu, edo hil. Egunerokotasunean dauden beste milaka erasoak —ezkutuak edo agerikoak—, ahaztuta.
Femismoa ez da Amerika. Ez luke hala izan behar, behintzat. Baina oraindik jendeak esaten du tabernan, kalean, udalbatzarretan, asanbleetan… feminismoa matxismoaren antonimoa dela. Berdintasunaren alde daudela, baina feminismoaren kontra (sic!). Ez dut ulertzen zergatik eragiten duten halako beldurra, halako gorrotoa talde feministek…
Ikasia dugu Cristobal Colonek deskubritu zuela Amerika 1492an. Baina nago, oraindik deskubritzeko dugula zer den feminismoa, zer den feminista eta zer den gizarte parekide bat. Agian, has gaitezke Ondarroa deskubritzen, datorren asteburuko Topaketa Feministekin. Agian, horrela hurbilago izango dugu Amerika ezagutzea (konkistatzea ez, mesedez).