Topaketa
Eskatu berri duzun kafea amaitu eta kafetegira azkarregi iritsi izanaz damuturik; kotxe-pilaketa batean geldirik, ez aurrera ez atzera, bihotza abiada bizian taupaka duzula eta erlojuko minutuak inoiz baino azkarrago doazela iruditzen zaizula; armairuaren aurrean izoztuta, egoerarako arropa aproposik topatzen ez duzula… Hori dute hitzorduek, urduritasun puntu hori, bereziki topaketa oraindik ezagutzen ez dugun norbaitekin denean. Ilusioa, beldurra, kuriositatea, kezka… izugarrizko sentimendu konbinazioa. Gustuko duzun pertsonarekin, lanpostu baterako elkarrizketa egingo dizun giza baliabideen arduradunarekin, mediku berriarekin, lagun baten lagunarekin… mila egoera, oroitzapen, trantze. Baina, nire kasuan, hau da, zalantzarik gabe, hitzordu guztien artean bereziena.
Izan ere, ez dakit zehazki zein egunetan ezagutuko garen. Badakit, naturak hala finkatzen duelako, aste gutxi batzuk baino ez direla falta hitzordurako, agian, ezin jakin, egun batzuk besterik ez. Duela hilabete batzuk soilik jakin nuen lehenengo aldiz zure existentziaz, eta ordutik gauzak asko aldatu dira. Zu bereziki. Ikusi, gutxitan ikusi zaitut, eta zuk, aldiz, entzun baino ez nauzu egin. Hala ere, zure berri jakin nuenetik, buruan izan zaitut uneoro eta, noski, baita sabelean ere.
Dilista baten tamainakoa ei zinen hasieran, mahats izatera pasa zinen pixka bat koxkortutakoan, eta piku baten tamainakoa egin zinen lehenengo ekografiaren bueltan. Eta gu harro-harro, piku txikiaren hanka eta besoen mugimenduari so. Bi puntu beltzek betetzen zuten begien lekua, eta isatsa ere ba omen zenuen. Bost zentimetro inguruko bizitza ñimiñoa. Badira aste batzuk zu fruta batekin konparatzeari utzi diotela amatasunaren inguruko webguneek; asko handitu zarenaren seinale. Bitarte horretan zure gorputz txikiaren atalak eratzen joan dira: bihotza, birikak, gibela, hezurrak, burmuina, betazalak, belaunak, hesteak, sexua… baita hatz-markak ere. Nahiko luke Frankenstein doktoreak horrelako laborategi bat!
Begiak ireki dituzunetik jabetu zara inguruko panorama ilunaz. Hemen, kanpoan, egoerak bestelakoa beharko luke, eguzkia ateratzen baita egunero. Hala ere, iluntasuna familia askoren egunerokotasunaren protagonista bilakatzen da maiz, maizegi. Zure existentziaz jakin genuenean ere ez zuen eguzkiak gogor jotzen, baina giroa epeltzen hasia da, eta ostarteak zeruan nagusitzen. Honen harira, esaera zahar berri bat ikasi dut gaurkoan: iluntasun handieneko momentua, egunsentiaren aurrekoa da.
Zure lehenengo egunsentia ere gertu dago. Aitortu beharra daukat inbidia pixka bat ematen didazula. Guztia izango da zuretzat berria, dena izango duzu ikasteke, gozatzeke. Hala zioen gure irakasle batek, haurrak direla benetako filosofoak, inguruan dituzten gauzekiko jakin-min bizi-bizia dutelako.
Eguzkia goizero ateratzearekin harritzeari aspaldi utzi nion arren, heltzear dagoen hitzordu berri honek urduritasuna eta jakin-mina sorrarazi dizkit berriz ere. Sentimendu berriak eta zalantza ugari. Galderak, ehunka. Orain arteko ezagutza eta segurtasuna kolokan. Zure begien bitartez ikusiegia dudan mundu honi begiratzeko gai izango al naiz? Duela gutxi arte bi puntu beltz ziren begi horien bitartez?
Gozatu heltzear dituzuen topaketez, hitzorduez, momentu bereziez; saiatu, munduari filosofo txikien harridurarekin begiratzen. Eta ez ahaztu, iluntasun handieneko momentua, egunsentiaren aurrekoa da.