Pasaia Garbiak datuak manipulatzea egotzi dio udalari
Atez atekoaren harira, "Arduragabekeria" eta "seriotasun falta" egotzi diote gobernu taldeari, hondakinak biltzeko bi sistemen arteko alderaketa egitean ez duelako kontuan hartu lehen ez zegoela organikoa bereizterik.
Atez atekoaren kontrako plataformak atez atekoaren “datuak nahi erara erabiltzea” leporatzen dio gobernu taldeari, eta “osatu gabeko datuak zabaltzea” egozten dio, “atez atekoa suposatzen duen burugabekeria estali nahian”. Salatu dutenez, gobernu taldeak ez ditu “lehen eta orain jasotako kiloak alderatzen, jakin badakielako pasaitar askok ez dutela sistema berria erabiltzen”. Plataformaren arabera, asko dira beren hondakinak beste udalerrietara eramaten duten herritarrak, edota espaloia gurutzatu eta Eskalantegi kalean uzten dutenak.
Pasaia Garbiaren ustez, atez atekoaren ezarpena “erabateko porrota” izan da Pasaian, eta herritarrei “adarra jotzen” dabiltzala salatu dute, zaborra kalean uzteagatik ezartzen ari diren isunak “beste herritarren kexei erantzunez” jartzen dituztela esateagatik. “Non zegoen Bildu herritarrak sistemaren inposizioarengatik kexatzen zirenean?” galdetu du plataformak, eta herritarren kexei soilik aldeko zaizkionean jaramon egitea leporatu die.