Iritsi da abendua, eta etzi sartuko gara neguan. Eta urtero bezala, gau luzeenen garaian, izan nahiko genukeena eta ez garenaren soka luzearen bi muturrei eraginez arituko gara abenduko soka-salto jokoan.
Pertsona eta herri bezala hobeto bizitzeko dugun nahia hobekien irudikatzen duen hilabetea dugu abendua. Abenduan, inkontzienteki bada ere, urtarrilera atzeratu ohi dugun malda famatua igotzeari ekiten diogu.
Abendua zeruko iluntasun bera ezkutatu nahiko lukeen izara txuri bat bezalakoa da. Hobe bizi nahiaren bandera zuria. Berri Txarrak musika taldearen azken diskoaren azalean (Denbora da poligrafo bakarra) azaltzen diren oheko mihise edo maindire zuriak bezalakoa. Eta atzealdean, urrutian, mendi-baso ilunak eta eztanda handi baten irudia. Urtarrila. Sahiestezinezko errealitate gordina.
Abenduaren 3an Done Frantzisko Xabierren Eguna (Nafarroaren Eguna) eta Euskararen Eguna ospatuz abiatzen dugu hilabetea. Baina eguneko jardunak erakusten digu, #poziktibity-ak izanagatik ere, Baztarrikaren irismen ahalmenarekin ere ez dugula lortzen iraultzea euskararen erabilera mailaren errealitate gordina.
Jarraian datoz gero abenduaren 6ko Espainiako Konstituzioaren Eguna, eta abenduaren 8ko Ama Birjina Sortzez Garbiaren Eguna. Hemen eta orain, iraganean bezala, ororen gainetik ezpatak eta Biblia daudela gogorarazten digutenak. Keinu sinbolikoa bada ere, Espainiako Konstituzioaren Egunean etxeko txerria akatzen duen baserririk bada gurean.
Baina hala ere, geureari eutsiz eta bi jai egun horien kulunkan, euskal kulturgintzaren merkatu beltz instituzionalizatuena antolatzen dugu Durangon. Urteko euskal kulturgintzaren sormenak emandako emaitzaren azoka-topaketa. Non Elkar Fundazioa da bertako aitajaun. Non denok ordaintzen dugu esku dirutan, non inork ez duen aitortzen zer eta zenbat saltzen duen. Eta dena instituzioen babespean. Dena beltz, euskaldun eta ofizial.
Baina ofizialtasunaren amets potoloetarako Euskal Selekzioaren urteroko futbol partida. Aurtengoa, ezinbestean, Kataluniaren aurkakoa. Bai nesken eta bai gizonezkoen kasuan. Durangoko Azokan egin ohi dugun bezala, San Mames Barria jendez lepo betetzeko eguna abenduaren 27a.
Baina aurretik bada zer jan eta edan «sukaldarien herri honetan» (Berri Txarrak). San Tomaseko txistorra, talo eta sagardoekin hasi eta The first Noel (Dan Forrest-Landarbaso-Kaabestri) abestiak girotutako Gabon gaueko afaria bitarte.
Eta beldur naiz etorkizunean, gure oparotasun gastronomikoaren eraginez, ez ote garen horrexetan bihurtuko, Sukaldari Famatuen Herrian. Jatetxeen kanpokaldeko Michelin izarrek eta ugazaben irri zabal adeitsuak argiztatutako herri distiratsu batean. Bisitarien neurrikoa, baina gero eta jende herritar gehiago kaleetan jana eskean dabilen herrian. Marka litzateke gero!
Eta urtea amaitzeko beste hitzordu bat. Gurean urtea urtarrila hasierako manifestazioarekin amaitzen delako. Eta beste behin, herri honek duen «min hau» (Katamalo) ere noizbait ongibidean jarriko dugularen esperantzarekin, Bilboko kaleak jendez beteko ditugu. Aurten urtarrilaren 10ean.
Eta bapatean, konturatu orduko, urtarrileko maldaren erdian aurkituko gara, ez aurrera eta ez atzera. Baina lasai, horretarako asmatu baikenuen urte berriko asmo ona. Eta seguruenik zuk ere izango duzu baten bat zerrendako lehen lekuan kontzientziaren pisua arintzeko. Aurrera bada. Osasuna, askatasuna eta maitasuna lagun!