Erditelezaborra

Azaroaren 20an, Pedagogian doktore den Garbiñe Bereziartua azpeitiarrak hitzaldia eman zuen, Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (EHU). Ia hilabete pasatu da, bai, baina hilean behin bakarrik uzten didate idazten, eta orain tokatzen zait abendukoa. Nire alde esan behar dut gaiak ez duela gaurkotasunik galdu eta, are gehiago, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta premiazkoagoa dela honi buruz eztabaidatzea.

Euskara eskolatik kalera: hitzak eta giltzak. Horixe hitzaldiaren izena. Ideia andana plazaratu zituen Bereziartuak, baina horietako bat hartuko dut, maiztasunaz gain karaktere kopurua ere aski mugatua baitut. Zer nolako telebista publiko mota nahi dugun, betiko galdera. Hizlariak zaborrontzi bat erakutsi zuen Powerpointeko diapositiban, telezaborrari tartea eskaini beharko ote geniokeen galdetuz. Efektu txundigarri baten bidez, zaborrontziaren erdia lausotu zen pantailan, iradokitzen zuena erdi-telezaborra eskaintzea mahai gainean jarri beharko litzatekeela. Kalitatea eta audientziaren arteko oreka hori bilatu, kontuan hartuta euskararen normalizazio prozesuan estrategikoa dela, halakorik egon balego, EITB.

Kanpotik erraz egosten dugu kritika, eta azkenaldian Gu ta gutarrak saioa egin dugu pagaburu; zein balioren gainean dagoen eraikia, eta abar. Eta bai, neska politen ehiza irudikatu lezake saioak, eta hain politak ez direnek errukia sentiarazten digute; laguntasuna lehiaz zipriztintzen dute. Baina badirudi gazte-nerabeen sektore bat harrapatu duela, aspaldiko partez, ETB1eko saio batek, eta gazte euskaldunak ageri dira euskaraz, natural. Zein zen alternatiba, egunero prime time-an magazine formatuko hiru ordu eta erdiko Sautrela moduko bat ematea? Edo tarteko zerbait, Bereziartuak bere hitzaldian aditzera eman bezala? Zer sartuko dugu tarte horren barruan?

Kontraesanetan erortzen naiz ni ere. Euskadi Gaztearen merituetako bat, defendatzaileen hitzetan, honakoa da, 40 Principales-ek baino audientzia altuagoa duela EAEn, antzeko formula (ez dago hobeto esaterik!) baliatuz, baina euskaraz. Euskaraz esatariak, erran nahi baita; ez musika. Eta zaila da niretzat Euskadi Gaztea entzuten dudanean zer sentitzen dudan adieraztea, baina izango litzateke pena, auzo lotsa eta amorruaren arteko zerbait.

Eta bai, ETB telebista publikoa da, eta kate pribatuen gabeziak estaltzeko betebeharra duen heinean, horien balio sexista eta atzerakoien kontrako balantza lanak egin behar ditu, baina euskarazko entretenimendua ere eskaini behar die nerabeei, eta ez nago ziur erdi-zabor hauek zein aldera okertzen duten balantza.

Ez dago ekarpenik

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend