Sozioekonomiaz, kultura eta euskal nortasunaz, berdintasunaz eta jasangarritasunaz ariko dira herritarrekin lau saiotan.
Lezoko EH Bildu
Udal eta foru hauteskundeak izango dira maiatzaren 24an eta haiei begira lanean hasi da Lezoko EH Bildu. Ezinbestekoa iritzi dio koalizioak herritarren kezka, iritzi eta interesak biltzeari herri programa osatzeko garaian, eta horretarako dinamika berezia abiatuko dutela jakinarazi dute.
Ainhoa Zabalo alkateak eman du egitasmoaren berri, Mikel Carcedo Errenteria-Oreretako eta Lezoko EAko lehendakariak eta Jon Askasibar EH Bilduko kideak lagunduta. “Maiatzean udal korporazio berria aukeratuko dute lezoarrek eta baita alkaterako hautagaia ere.
Horiek aurkeztu aurretik, ordea beste lan bat badugu egiteko, lau urteetako lanaren balantzea egitea eta hurrengo legegintzaldirako erronkak erabakitzea». Hori guztia herri programan bildu nahi duela EH Bilduk eta gainera herritarrekin batera, «modu parte hartzailean» egin nahi duela gaineratu du Zabalok.
Lau saio programa osatzeko
EH Bilduko zinegotziek beste zenbait lezoarren laguntzarekin lau saio egingo dituzte datorren astean herritarren kezkak jaso eta hauteskundeei begirako programa osatzeko, «parte hartzaileak eta atseginak izango dira saioak eta lezoar guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera», esan du Zabalok.
Hilaren 13an, asteartea, izango da lehena 19:00etan kultura aretoan. Kultura eta euskal nortasunaz ariko dira bertan. Leku eta ordu berean izango da bigarrena, hilaren 14an, eta berdintasunaz eta jasangarritasunaz mintzatuko dira.
Datorren ostegunean, hilak 15, aurreko bi saioetako ordu eta leku berean sozioekonomiaz eta behar sozialetaz ariko dira.
Hilaren 17an, larunbatarekin egingo dute herri programa osatzeko azken saioa musika eskolan 10:00etan. Aurreko saioetan jasotako ekarpena bildu eta osatuko dituzte.
Ekarpenak egiteko beste hiru bide badirela zehaztu du Zabalok: lezoko
EH Bilduren webgunea,
posta elektronikoa, eta
facebooka.
Burujabetza eta eraldaketa sozialean sakontzeko
Maitzeko hauteskundeak Euskal Herriaren burujabetzan eta eraldaketa sozialean sakontzeko eta subjeto politikoa indartzeko unea izan behar dutela gaineratu du Zabalok: “Herri honetan zabaldu den ziklo politiko berrian sakontzeko unea behar dute eta horretarako, aurreko hauteskundeetan sortu genuen olatuak aurrera jarraitu behar du, bultzada berria emanez datozen hauteskundeetan”.