Lezoko kantu jirak larunbatean hasiko ditu urte berriko jarduerak
12:00etan aterako dira, Aiton Bordatik, herria euskal kantuz betetzera. Hilabete bakoitzeko hirugarren larunbata erabiliko dute urtean zehar kantu jiran ibiltzeko.
Hilaren 17an (larunbata) ekingo dio Lezoko kantu jirak urte berriari, beti bezala, euskal abestiak herritik zehar kantatuz. 12:00etan hasiko dute jarduera, Aiton Bordatik. Kaialden eta Kale Nagusian geldialdia egin ondoren, Gurutze Santuaren plazan bukatuko dute bidea abeslariek. Hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean bilduko dira, hilero, ohi duten moduan.
Jarduera nahi duen orori dago zabalik, “gure asmo bakarra, gure kantekin giro atseginean eta lagun giroan abesten gozatzea da”, esan dute kantu jirako kideek. Abestiak aldez aurretik lor daitezke, Aitorn Bordan, Aizpean eta Tomas Garbizu Musika Eskolan.
Horrela, kantu jirako lagunek larunbatean abestuko dituzten kanten berri eman dute. Honakoak dira: Ai, zer plazerra (ama), Kupela kupela, Urtxintxak, San Simon eta San Juda, Topa dagigun, Prima Eijerra, Ituringo arotza, Aberriaren mugak, eta Amak ezkondu ninduen.