Ezin besterik esan

Ane Badiolaren zutabea

Aupa irakurle! Gaurkoan ere zuri zuzentzen natzaizu, akaso azken aldiz. Kosta zait erabakia hartzea, baina agur esateko ordua dela erabaki dut. Ez dut esango hau denik nire azken testua (sekula ez da sekula esan behar), baina atsedenaldi bat hartuko dut.

Hainbeste gauza esateko eta ez dakit zer esan. 16 urte nituen artikulua lehen aldiz publikatu nuenean. ON aldizkarian izan zen. Boga izan zen ondoren, Hitza gero. Orain 25 urte dauzkat, beraz, kasik 9 urte pasatu dira. Erraz esaten da! 9 urte kezka berarekin: ezin idazteko gaia topatu eta behin idazten hasita ezin karakteretan kabitu. Marka da gero! Askotan nahasi ditut lagunak gai bila: koadrilakoak, lankideak, dantzako kideak… Edozein momentutan hasi naiz gai bat bururatu zaidalako apunteak hartzen: erosketak egitean, parrandan, bidegorrian, ile-apaindegian, komunean. 9 urte hauetan askotan pentsatu izan dut iturria lehortu zaidala, ez dudala gai gehiago lantzeko. Baina horixe da ederrena, beti dagoela zertaz idatzi.

Zuekin hezi naiz, hein batean. Kolaboratzen hasi nintzenean Batxilergo ikasketak ari nintzen egiten, pentsa! Nerabezaroko urterik txoroenean nengoen. Gasteizera joan nintzen gero, unibertsitatera. Han lau urte pasa, eta herrira bueltatu nintzen, lanera. Bizitzak buelta asko eman ditu eta pentsatzen dut (eta espero dut) nire testuetan ere sumatuko zenutela alderik.

Ez dut sekula nire burua idazle kontsideratu, inondik inora. Iritzia eman dut, besterik ez. Eta aitortu behar dut ez dudala sekula nire testurik irakurri. Gorroto dut. Nire asmoa ez da izan leziorik ematea. Haserre idatzi dut batzuetan, kezkatuta besteetan, baita kontentu ere, ez pentsa! Gaizki eginak barkatu eta ongi eginak gorde. Eta erabili, nahi izanez gero.

Hainbeste gauza esateko eta ez dakit zer esan. Irakurle, segi irakurtzen, segi hausnartzen, segi kritikatzen, segi eztabaidan. Hori gabe, ez gara deus. Horrek egiten gaitu pertsona eta horrek egiten gaitu herri. Segi euskarazko prentsa kontsumitzen, garenaren ardatzetako bat baita.

Ongi etorri datorrenari, irrikaz hartuko dugu aire freskoa. Animo eta indar handia Hitza-ko langileei; segi gogor lanean. Eta zuri, irakurle, zer esan? Akaso ez dugu elkar ezagutzen, baina hunkituta nago. Badakit bion artean zerbait eraiki dugula, naturala eta sanoa. Eskerrik asko. Ezin besterik esan.

Ez dago ekarpenik

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend