Herriaren izenean
Gauza asko, tartean basakeri galantak, egin izan dira eta egiten dira halakoaren eta bestelakoaren izenean. Norberaren ohorearen izenean. Familiaren izen onarengatik. Estatuen izenean. Bakearen izenean. Segurtasunaren izenean. Baita Herriaren izenean ere.
Neronek ere erabili izan dut noizpait Herriaren izena parte hartutako hainbat manifestaldietan adibidez, baina inoiz ere besteen ukazio gisa, inoiz ere bestea baztertzeko asmoz, baizik eta neurea sentitzen dudana aldarrikatzeko asmoz.
Hala ere, kontziente ere izan naiz beti, une horietan, nire aldarri edota amorru oihuen atzean ez zegoela Herria bere osotasunean ordezkatuta, baizik eta gu geundela bakarrik, bertaratutakoak, eta akaso, bertan ez egonagatik ere, gurekin bat egiten zuten herritar askoren gogoa, baina inolaz ere Herri oso bat ordezkatua.
Jakin badakit ere aldarri horietako batzuk, oinarrizko eskubideekin erlazionaturikoak, Herrien eskubideekin erlazionatutakoak, direla gizarte babes maila handiena dutenak, eta ondorioz, Herriaren borondate zabalarekin egokien bat etor daitezkeenak.
Baina aldiz, sekula ez dut ezer aldarrikatu, ez dut pertsonen eskubide bat, herrien eskubide bat, besteren baten bazterketa moduan erabili, baizik eta gainontzekoen pareko izateko nahiaren adierazpen bezala. Baina bistan denez, hau ez da beti horrela izaten, eta badira Herria bezalako hitzak, adibidez, pertsonen gainetik jarri edota pertsonen aurka jazartzeko erabiltzen dituztenak. Norberaren eskubideak ondokoarenak baztertze aldera darabilztenak.
Azken adibidea, Nafarroan erregistratua izanagatik ere (Euskal Autonomia Erkidegoen ez zioten utzi erregistratzen, lege baldintzak betetzen ez zituelako), bere jardun eremua Hondarribian duen Alarde Fundazio diskriminatzailearen Herriak du hitza kanpaina (https://www.youtube.com/watch?v=NjLjRhMR8pM).
Ez da lehen aldia Alarde Fundazioak bestelako jardunekin harremandu izan ditugun esloganak erabiltzen dituela. Horren adibide Jaizkibel konpainiari harrera egin asmoz Hondarribiko Kale Nagusian, alderik alde, urte batzuez zintzilikatutako Herriak ez du barkatuko, Espainolak, eta gisa bereko esloganak.
Baina joan gaitezen harira. Zer da Herria Alarde Fundazioarentzat? Nork osatzen du herria? Zertan har dezake hitza herriak? Zer erabaki dezake herriak? — izan ere hitza aldarrikatzen dute, baina erabaki ere nahiko dute , ezta?—.
Alarde Fundazioa deitzen den elkarte juridiko pribatuak, bazkideak dituen elkarte antolatuak, esklusiboki beretzat hartu du Herriaren izena, bere burua definitzeko eta gainerakoak herritik at uzteko. Era horretara, talde horren ezaugarriak kritikatzen dituena ez da herrikoa, nahiz eta herrian jaio eta bizi. Soilik beraiek dira bertakoak. Gainontzekoak hiritarrak izan daitezke, baina inolaz ere herritarrak.
Bestela esanda, gizarte demokratikoetan hiritarra bizitza politiko eta sozialeko subjektua den bitartean (pertsona da eskubide eta askatasun demokratikoen jabe, ez komunitate bateko kide izateagatik, baizik eta pertsona izanagatik bakarrik), elkarte pribatu horrek Herri izaera ematen dio automatikoki bere buruari (Alarde Fundazioa=Herria), pertsonaren eskubideen gainetik jarriz, eta ondorioz honen eskubideak ukatuz taldearen izenean.
Beraiek dira herria, beraiek bakarrik, eta ezagutzen dugun gizarte antolamendu legal oro (udala, antolaketa administratiboa, legeak…) desagerrarazten dute euren buruetatik, inolako argudiorik gabe. Sinesmen horrek gidatzen ditu, beraiek bakarrik direla Herriaren sinesmenak, pasioak. Ez dute argudiorik behar, pasioaz ari dira, sentimenduaz, ez arrazonamenduaz. Eta arrazonatzen saiatuz gero, elkarbizitzarako, integraziorako, konponbiderako, elkar ulertzerako mezuak sustatuz gero, erasotuta sentitzen dira.
Jeneralak herriko alkateak baino gehiago agintzen du eta elkarteko ohorezko lehendakaria Amabirjina bera da. Nola egin aurre horri?
Jakinekoa dena honakoa da, pasiotik fanatismora salto bat besterik ez dagoela.