Gero arte izan dadila, Luma!

Beñat Muguruzaren zutabea

SIN egilea B. MUGURUZABestela ere ez genuen irundarrok harro egoteko motibo handirik eta, 2015a hastearekin batera, are gutxiago. Euskararen mapan apenas duen lekurik Irunek; lau gara euskaraz hitz batzuk lotzen saiatzen garenak, eta nahiko trakets, bertako hizkera ia erabat galduta. Baina badira urtean bost unetxo, Irun mapa horren zentralitatean kokatzen dutenak: Lumaren denborapasa-hiruhilabetekaria buzoian jasotzen dugun aldiro, eta Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa sonatua ospatzen denean, gure umore oneko hirian urtero antolatu dena azken urteotan. Euskal Herri osoko 40 bat friki elkartzea ez baita erronka makala.

Bada, akabo Luma aldizkaria. 13 urte eta gero, eta urteak pasa ahala argitalpenen maiztasuna murrizten joan ondoren, ale gehiago ez ateratzea erabaki dute. Kolpe gogorra harpidedunontzat. Izan ere, niretzat jokaldi paregabea zen harpidetza. Bikoteari oparitu ohi nion urtebetetzerako, ez bainekien zer gehiago oparitu, eta gainera ariketa gehienak nik betetzen nituen. Komuneko aldizkari kuttunen artean beti aurkitzen zuen bere txokoa Luma aldizkariak.

Lehiarik ez zen falta harpidedunon artean, ez pentsa; ale bakoitzak lehiaketa zekarren, eta gurutzegrama ondo osatzen zutenen artean zozkatzen zuten saria: landetxe batean asteburua pasatzeko aukera bi lagunentzat. Bazeuden zurrumurruak, Lumazaleon komunitate marjinal honetan, saria ez zitzaiolako inori tokatzen, duela pare bat urte lagun bati egokitu zitzaion arte. Aurten ezkonduko omen da lagun hau, pasa den astean kontatu zigunez, baina ez zuen esan Lumako ezeren ondorio zenik. Elizatik ezkonduko dela esan zigun, hori bai, EAEn 2014ko lehenengo hiruhilabetekoan egondako ezkontzen %93 ospakizun zibilei kontra eginez. Beste friki bat, zer nahi duzue.

Komunitate marjinala dela diot baina, datu ofizialen arabera, 500 harpidedun inguru ginen, eta zenbaki bakoitzaren 300 bat ale saltzen ziren kalean. Erkaketa tonto bat egite aldera, gogoratu UPDk manifestazio “nazionala” antolatu zuela Madrilen duela pare bat aste, eta 100 bat lagun agertu zirela. Zerbaitengatik esango zuen Gorka Urbizuk euskaldunok gutxizaleak ere bagarela batzuetan.

Eta, honaino iritsita, eskerrak ematea besterik ez zait falta. Diosala egin digute, haien hitzetan, baina gero arte izan dadila!

Ez dago ekarpenik

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend