Udalak lokal bat atondu du Donibaneko alde zaharrean, suhiltzaileek balizko sute batean beharko luketen materiala bertan gorde dezaten
Balizko sute baten kasuan Donibaneko alde zaharrera sartzeko modua izango duen ibilgailu berria erosi du aldundiak, eta Bidasoako suhiltzaileen parkera eraman.
Gaur aurkeztu dute ibilgailu berria, Donibanen bertan. Aurkezpenean, besteak beste, Amaia Agirregabiria alkatea, Garbiñe Errekondo foru diputatua eta suhiltzaileen sarjentu Xabier Eizagirre izan dira. Azken honek azaldu duenez, suhiltzaileek lan handia egin dute Donibaneko balizko sute baten aurrean taktika zehazteko. Kale estuek ez ezik, garaiera txikiko tunelek, eta egurrezko etxeek zonaldea bereziki delikatua bihurtzen dute, baina plan berriari esker Pasaiako segurtasuna hobetu dutela esan du sarjentuak.
Ibilgailu berriak 500 litroko ur depositoa du eta horrek balizko sute baten aurrean denbora asko irabaztea ekarriko luke. Izan ere, orain arte, bertara sartzeko moduko ibilgailurik ezean, alde zaharrera 4X4arekin sartzen baitziren, eta materiala atoian eraman, baina ura bertara sartu ondoren ponpatu behar zuten.
Udalaren lokala
Udalak, bestalde, lokala utzi die suhiltzaileei Donibaneko alde zaharrean bertan, noizbait behar izatekotan materiala osagarria bertan edukitzeko. Victor Hugo etxearen parean dago aipatu lokala, eta suhiltzaileen sarjentuak azaldu duenez, kokapena oso ona da, bertatik mangera batetik plazaraino sartu daitezkeelako, eta baita alde zaharraren sarreraraino ere. Horrez gain, itsasotik ura ponpatu behar izatekotan, hortik ere egin dezakete, ontziralekua bertatik bertara dutelako.