Iberdrolak 2,5 milioi euro inbertitu ditu; Pontikako auzokideen eskaerari erantzuna izan da
Gaur goizean inauguratu dute Pekingo azpiestazio elektriko berria. Iberdrolako ordezkariekin batera, Luisma Diez Hirigintza zinegotzia eta Jose Manuel Ferradas Ingurumenekoa izan dira, baita Pontikako auzo elkarteko kideak ere.
Pekingo azpiestazio berriaren inaugurazioa
Iberdrolak 2,5 milioi euro inbertitu ditu azpiestazioaren eraberritzean. Aurrekoa 1955ean eraiki zuten, eta zaharkituta geratu zen. Berriak, gainera, potentzia handiagoa du: lehen zituen hamar megavolt anpereko (MVA) potentziari beste hogei MVA batu zaizkio. Energia horniduraren %95 Errenteria-Oreretako biztanleei emango diete, baina Oiartzun eta Astigarragako puntu batzuetara ere iritsiko da. Azpiegitura konpaktua izanda, lehen zuen eragin bisuala asko murriztuko da.
Tentsio ertaineko linea bat gehitu zaio, eta herriko erdiguneari ematen dion zerbitzua hobetuko duela adierazi du Iberdrolak. Zehaztu dutenez, eskariak gora eginez gero, hobeto erantzungo lioke azpiestazio berriak. Gainera, azpiestazioaren eremuan arrotzen bat sartzen bada, azkar atzemango lukete, eta transformadorearen segurtasunean bertan ere kontrola handiagoa izango da.
Bizilagunen eskaria
Diezek, bere aldetik, adierazi du, auzoz auzo egin zituzten bileretan, Pontikako bizilagunek euren kezka agertu zutela azpiestazioaren egoerarekin. “Eskaera hori Iberdrolari helarazi genion”, adierazi du, “eta eurek Arrasateko eta Eibarko azpiestazioak erakutsi zizkiguten”. Eredu horiek ontzat eman zituen udalak, eta transformadorea berritzeak Errenteria-Oreretako herritarrei, udalari eta Iberdrolari berari onura ekarriko diola uste du.