Etzi protesta koloretsua egingo dute plenoa amaituta, eta euskalgintzari eta herritarrei dei egin diete parte har dezaten
Oiartzungo udaletxea
Urkixoren erasoei modu bateratuan erantzuteko deia egin du Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunetik, eta protesta koloretsua antolatu du horretarako. Plazan bertan egin dute hitzordua asteazkenerako eta helburua murala osatzea da. Kexa esaldiak idatziko dituzte bertan, “Urkixori gure desadostasuna agertzeko”, eta argazkia aterako dute ondoren Espainiako Gobernuko ordezkariari helarazteko.
Urkixok hainbat aldiz eraso diola euskarari esan dute Oiartzungo euskaltzaleon bilguneko ordezkariek: “Oraingo honetan udal eta herri erakundeei zuzendutako erasoak izan dira, euren jarduna euskaraz egiteagatik. Oiartzungo Udalaren kasuan Gipuzkoako beste udal batzuekin batera kanpo kontratazioetan hizkuntza irizpideak txertatzeko hartutako erabakia, eta osoko bilkuretako erabakien aktak Estatuko ordezkaritzara euskaraz bidaltzea izan diraaitzakia”
Herritarrei deia
Euskararen kontrako erasoak salatzeko Oiartzungo euskalgintzari eta herritarrei dei egin die Ttur-tturrek horrenbestez: “Etzi egingo dugun protestarako atxikimendua agertzeko eskatzen diegu eta ekitaldi horretan gurekin bat egiteko”. Protesta asteazkeneko udal osoko bilkura amaituta egingo dute plazan.