Oiartzun KEren Hirugarren Mailako taldeak 0-2 galdu du etxean, eta salbaziorako aukerak zeharo murriztu zaizkio
Oiartzun-Arenas partidaren une bat
Ezin denean, ezin da. Horrela laburbildu daiteke larunbateko Oiartzun KEren Hirugarren Mailako partida. Ezin. 0-2 galdu zuen garbi nagusi izan zen Arenasen kontra. Baina lau aldagai dira kontuan hartzekoak partida ulertzeko: lehena hori, kanpoko taldea oso ona zela; bigarrena, oiartzuarrek min hartutako jokalari asko dituztela; hirugarrena, zelai lokaztua —bi taldeentzat zen txarra zelaiaren egoera, baina Oiartzuni komeni zaio, bere jokoagatik, hobeto egotea—; eta laugarrena, sasoian maiz gertatu moduan, epailearen zalantzazko lana.
Izan ere, Arenasek 0-1ekoa (37. minutuan) arbitroak bakarrik garbi ikusi zuen penalti bati esker sartu zuen. Eta erabaki txiki asko, gehienak oiartzuarren ustez haien kontrakoak, hartu zituen etxekoen jokoa baldintzatuz. Oiartzun larri badabil, kontrako haizearekin, okerrago. 0-2ekoa partidaren hondarrean sartu zuten kanpokoek.
Emaitza horren ondoren, Bermeon lortutako 1-2ekoak balioa galdu du. Are gehiago, jardunaldi bat gehiago pasatu da, eta Hirugarren Mailako sailkapenaren beheko muturrean jarraitzen du oraindik, nabarmen, Oiartzunek, 13 punturekin —2 partida irabazi dituzte soilik sasoian—.
Hurrengo partida Santurtziren etxean dute oiartzuarrek, igande goizean. Irabazi edo irabazi, horiek bi aukerak. Galduz gero, eta matematikek itxaropenaren leihoa zabalik uzteko aukera emango badute ere, akabo. Agur, ia-ia ziur, Hirugarren Mailari.
Aurreko kronika batean Hitza-k esan zuen Oiartzunek behar duen botika garaipenak direla. Ez zen sekulako burutazioa izan hori. Logikoa izan zen arras, edonork esateko modukoa. Botika hori egiten duen fabrikara bidaia antolatu beharko dute taldearen agintariek aste honetan.