Larunbatean kulturgune bizkaitarra bisitatuko dute Zirizako prozesu parte-hartzailean lanean ari direnek; autobusak 10:00etan irtengo dira Trintxerpetik.
Larunbatean Zirizako parte-hartze prozesuan biltzen ari direnek zita berezia dute. Gernikako Astra bisitatzera joango dira, hango esperientzia bertatik bertara ezagutu, eta han ikasitakotik Trintxerpera zer ekarri daitekeen hausnartzeko. Kudeaketarako beste eredu batzuk ezagutzea da asmoa, “posibleak eta errealak”.
Gernikara joateko autobusak antolatu ditu Herrera Herrirak, larunbatean bertan 10:00etan Gernikara joateko. Interesdunek Sonesa Kirolak, Modas Molona, eta Lema paperdendan eman dezakete izena.
Posta elektronikoz ere bada izena ematerik. Txangoak 5 euro balio du, baina antolatzaileek, dirua ez dadila izan oztopo nahi dute, beraz, norbaitek bidaia ordaintzeko arazorik balu, berdin-berdin animatzeko eskatu dute. Izan ere, ahalik eta herritar eta eragile gehien bildu nahi dituzte prozesuan, Ziriza “herritarren matxinadaren ikur” bihur dadin.
Balantzea
Herrira Herrirak orain arte egindako urratsen balorazio baikorra egin du, jaso dituzten ekarpenak “askotarikoak eta oso positiboak” izan direlako, eta batez ere erronka komun bati heltzea adostu dutelako. Zirizan herritarrek aspalditik eskatzen ari diren erabilera anitzeko gizarte eta kultur gunea antolatzea da asmoa, eta horretarako autogestioaren bidea hautatu dutela esan dute prozesuaren bultzatzaileek. Nabarmendu dutenez, “herri mugimendua izango da Zirizaren motorra eta bihotza”.