Langaitzen elkartasunak badu tokia
Jakiak biltzen ari dira, Gipuzkoako Elikagai Bankura eramateko
Langaitz ikastolako DBH2ko hiru geletako gazteak elkartasun keinua egiten ari dira aste honetan: Gipuzkoako Elikagai Bankuan entregatzeko, jakiak biltzen ari dira. Deia ikastolako familiei helarazi diete, eta jada hainbat kaxa bete dituzte oinarrizko jakiekin. Arrakasta izaten ari da iniziatiba.
Pasta, dilistak, arroza, tomatea, txitxirioak, kontserbak… Horiek dira biltzen ari diren elikagaietako batzuk, hau da, iraungitze datarik ez duten elikagaiak biltzen ari dira. Baina iniziatiba hori ez dira ausaz egiten hasi: aurretik elikagai bankua zer den ikasi dute hainbat hitzaldi eta informazio bilketaren ondoren, eta bankuan egiten duten lanaren berri izan ondoren, lanean hasi dira. Kanpaina etzi (ostirala) bukatuko da, eta bildutakoa Gipuzkoako Elikagai Bankuak Oiartzungo Lanbarrenen duen egoitzara eramango dituzte.
Kanpaina egiteko taldeka antolatu dira ikasleak, lau taldetan hain zuzen.
Ostiraleko OARSO BIDASOKO HITZA-ren papereko edizioan, jarduera honen gaineko informazio zabalagoa ikusteko aukera izango da.