Azken orduko mozio bat izan zen otsaileko ohiko plenoko gairik nagusiena. Izan ere,
azaroan egin zuten bezala, Udaltzaingoko langileak izan ziren udalbatzarrean, euren lan hitzarmena negoziatzeko eskakizunarekin. Areto nagusira igo baino lehen, elkarretaratze zaratatsua egin zuten kontzejupean. Udal talde guztiek onartu zuten mozioa urgentziaz onartzea.
Enpresa komiteko presidente David Otegik gogorarazi zuen azaroko plenora “gai berarekin” joan zirela, eta negoziatzeko prest zeudela. “Gure egutegia alkatearen dekretu batek finkatzea larria iruditzen zaigu, eta ez gaude ados horrekin. Gainera, esan ziguten Inauterien aurretik adostua izango genuela, baina ez da hala izan”, esan zuen Otegik. Alkateari egotzi zioten bere proposamenak aldatu ez izana, eta “hitz egite hutsa ez da negoziatzea” iritzi du. Horrez gain, udaltzainei “kalte egin zaiela” esan zuen, eta ez zaiela konpentsatu. Nabarmendu zuen ez dagoela desadostasunik udaltzainen artean, eta dekretua bertan behera uzteko eskatu zioten alkateari.
Udaltzainen protesta plenoa baino lehen
Talde politikoen txandan, PPk irtenbide tekniko baten aldeko apustua egin zuen, eta EAJk dekretua bertan behera uzteko deia. Jeltzaleek gaineratu zuten madalenak arte badagoela negoziatzeko tartea. Sozialistek, euren aldetik, mozioa aztertzeko informazio gehiago behar zutela adierazi zuten —ordu gutxi batzuk lehenago aurkeztu zuten mozioa—.
Julen Mendozak Otegiri bere jarrera azaltzeko baliatu zuen bere txanda. Horrela, eurek egindako proposamenek, “bere osotasunean”, udal langileen baldintzak hobetzen dituela defendatu zuen. “Urrian hasi ginen negoziatzen”, gaineratu zuen, “eta hainbat elementu batu zitzaizkion hitzarmenari, eta horien artean, konpentsazioak sartu genituen egutegi aldaketagatik”. Jakinarazi zuenez, martxoaren 9an bilera egingo dute, eta baldintzen hobekuntzak planteatuko dituzte.
Bozketan PSE-EE, EAJk eta PPk egutegia arautzen duen dekretua bertan behera uztea eta negoziazio mahaiaren alde egin zuten. EH Bildu eta Ezker Anitzak kontra bozkatu zuten, bi puntuak banatuta bozkatzea ez zutelako onartu mozioa aurkeztu zuten sindikatuek.
Hondakinak hizpide, berriro
PSE-EEk hondakinei buruzko mozioa aurkeztu zuen. Korapilatsua izan zen puntu hori ere. Horrela, mozioan, PSE-EEk plenoari eskatu zion aurreko agintaldian onartu zen
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrari (GHHKPO) babesa emateko, eta Gipuzkoako “hondakinen krisia” bideratzeko eskakizuna egiteko.
Ezker Anitzako Jose Manuel Ferradasek adierazi zuen mozioa “desgaste politikoa” egiteko aurkeztu zutela, eta itxaropena agertu zuen datorren agintaldian hondakinen gainean adostasun handiak egoteko. Bere ustez, GHHKPO gaindituta dago, baita errauste planta ere. “Gipuzkoan jasotzen den errefusa asko jaitsi da, eta errauste planta martxan mantentzeko, jasotzen denaren %85 gehiago jaso beharko litzateke”, gaineratu zuen. Talde politiko batzuei egotzi zien ez dutela herritarren parte hartzerik nahi, “bai ordea errauste planta”.
Otsaileko ohiko plenoa
Chema Herzog PPko bozeramileak, bere aldetik, kritikatu zuen EH Bildu aldundira iristean “modu iraultzailean” aurretik zegoena bertan behera bota izana. Gainera, euren eredua “bideraezina” dela iritzi du. EAJko Maite Peñaren iritziz “legegintzaldi galdua” izan da hondakinen gaiari dagokionez. “Zubietako tratamendu plantak Gipuzkoa zabortegirik gabe uztea zuen helburu”, aipatu zuen, eta EH Bilduk “alternatibarik ez” duela azaldu zuen. Gainera, errauste plantaren kostua —500 milioi euro— “martxan ari den zerbaitengatik” izango zela argi utzi zuen.
EH Bilduren aldetik, Luisma Diezek hartu zuen hitza. Bere esanetan, PSE-EEk mozioa aurkeztu zuen “eskaintzeko ezer” ez duelako. Bere garaian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Santander bankuaren eta Price-Waterhouse auditoria zerbitzuen kontra salaketa jarri zuela gogorarazi zuen, “mailegua hartu ala ez, interesak ordaindu behar zirelako [ lehenago hitzartu zen swap-agatik]”. Gaineratu zuenez, aurreko legegintzaldi bukaeran “dena lotuta” utzi zuten errauste planta egiteko. “Planta hori ez da beharrezkoa, errefusa gero eta gutxiago delako eta martxan mantentzeko zaborra beste toki batzuetatik ekarri beharko litzatekeelako”, adierazi zuen. Hondakinena arlo teknikoan geratu beharko litzakeela esan zuen, eta oposizioko alderdiei egotzi zien bosgarren edukiontzia atzeratu izana.
Publikoan zen Eguzkiko kide Karlos Muruak hartu zuen hitza, eta eragile sozialei eman zien errauste planta gelditzeko “jatorrizko meritua”. Iragarri zuen proiektua berriro hartuz gero, Gipuzkoako talde ekologista guztiak aurrean edukiko lituzketela.
Mozioaren alde PSE-EEz gain, EAJk eta PPk egin zuten, eta kontra EH Bildu eta Ezker Anitzak.
Ekitaldi zibilak
Adostasuna lortu zuen hileta, omenaldi edo bestelako ospakizunak egiteko udalak
areto bat lagatzeko proposamenak. Horrela, aho batez, onartu zuten ordenantzari hasiera ematea.
Azkenik, PSE-EEk eta Ezker Anitzak adostutako mozio bat jorratu zuten. Bertan, erregistro zibila pribatizatzeko eta bake epaitegiak desagerrarazteko proposamena gaitzetsi zuten. Alderdi guztiek, PPk izan ezik, mozioaren alde bozkatu zuten.