Ekintzaile sahararraren aldeko mozioa onartuta, udalak sahararrari asilo politikoa ematea eskatuko du
Hassanna Aalia, atzoko udalbatzarrean, azalpenak ematen
El Watan elkarteak aurkeztutako mozio baten harira, Hassanna Aalia ekintzaile sahararra Oiartzungo atzoko udalbatzarreko protagonista nagusia izan zen. Oiartzungo elkartearen mozioaren mamia zen, udalak eskatzea Espainiako Gobernuari sahararrari asilo politikoa ematea, Marokoko Gobernuak bizi osorako espetxe zigorra ezarria diolako. Mozioa aho batez onartu zuten plenoan izan ziren zinegotzi guztiek, eta Aaliak esker on hitzak izan zituen: “Eskerrik asko, Oiartzun, Sahararekin izan duzuen elkartasunagatik”. Udaletxeko areto nagusian izan ziren hainbat sahararrek txaloz eta irrintziz jaso zuten erabakia, bertaratutako herritarrek bezala.
Elkartasun hori ez zuen sahararrak atzoko erabakira mugatu. Izan ere, jakitun da Aalia El Watan elkartea egiten ari den lanaz Tindufeko errefuxiatu gunean laguntza emanaz, eta jakitun da ere herriak nahiz udalak sostengua eman diotela elkarteari, hortaz, Saharako errefuxiatuei.
Aldi berean, Espainiako Estatuak Mendebaldeko Saharan dituen interes ekonomikoen berri eman zuen Aaliak, eta hori asiloaren gainean har dezakeen erabakian baldintza izan daitekeela. Edonola ere, erabakiak erabaki, sahararrak esan zuen “Sahara libre baten alde” borrokan jarraituko zuela, eta errefuxiatuen guneez gain, gune okupatuak ere badaudela oroitarazi zuen. Miren Irigoien zinegotziak, hunkituta, estaturik gabeko nahiz estatua duten herriek “Sahararen alde zerbait egiteko” garaia dela esan zuen, eta Aalia Oiartzunen egotea “ohorea” zela nabarmendu zuen.
Urkijoren gaiarekin, hainbat erabaki
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren helegiteen harira, hainbat erabaki hartu zituzten atzoko udalbatzarrean. Batetik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen mozioa aho batez onartu zen: Oiartzungo Udalak euskararen normalizazioaren bidean hartu dituen erabakiak berretsi, eta etzi Donostian (17:30ean, Gipuzkoa plazatik) egingo den manifestazioarekin atxikimendua adierazi zuten mozioa onartuta. Gai horrekin, Irati Etxebeste zinegotziak adierazi zuen udalean euskararen alde egindako urratsak “atzera bota” nahi dituztela, eta hori “oso larria” dela azaldu zuen.
Bide horretan, eta zehazki udalaren kontratazioetan euskara aintzat hartzeko gaiaz, Eusko Jaurlaritzaren babesa eskatu zuen Etxebestek, “akten gaiarekin egin duen bezala. Txosten juridikoa egin du Jaurlaritzak aktak euskaraz izatearen alde, eta horrekin aurrera egingo dugu epaitegietan”. Elkarlanaz ere aritu zen Etxebeste hizkuntza irizpideen gaian, herritarren nahiz erakundeen artekoa.
Izan ere, udalaren kontratazioetan hizkuntza baldintzak txertatzeko udalbatzarrak 2013ko martxoaren 20an hartutako erabakia atzera bota zuten atzo zinegotziek, EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin. Carlos Urkijok helegitea jarri dio irizpide horiei, eta Bilboko epaitegiek hartu dute gaia. Hori horrela, epaitegiak udalaren 2013ko erabakia atzera botatzeko “arrisku handia” dagoela esan zuen udal idazkariak, eta komeni zela erabaki hori atzera botatzea plenoan, “belarrondokoa jaso dezakegulako Bilboko epaitegitik”. Puntu horretan, beste behin babesa eskatu zion Irati Etxebestek Eusko Jaurlaritzari, eta Aiora Perez de San Roman alkateak azaldu zuen, “gaia ondo aztertu ondoren eta epaitegiek hartu duten jarrerak behartuta, min handiarekin” hartu dutela kontratazioen hizkuntza irizpidea atzera botatzeko erabakia.
Alta, EAJko zinegotziek”Madrilen aurrean ausardia” eskatu zioten udal gobernuari gai horrekin, “ez atzera egin”. Publiko artean zegoen udaleko Euskara teknikariak hartu zuen hitza orduan: “Poza ematen dit EAJ ausardiaz hizketan aritzeak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da gai hau, ausardiaz aritzekoa”.
Martxoaren 8a
Eguneko beste mozioetakoa EH Bilduko Martxoaren 8an harira, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira aurkeztutakoa izan zen. Aurrera atera zen, koalizioko kideen botoarekin, “Euskal Herri feminista aldarrikatu eta hau lortzeko pausoak emateko konpromisoa” eskatzen zuen mozioa. EAJk ez zuen mozio horren alde egin, ez zuelako egokitzat jo feminista hitzaren erabilera, eta hori zer den “norbaitek esplikatzeko” eskatu zuten. Asier Legorburu zinegotziak erantzun zuen jeltzaleen eskaera: “Feminismoa gizon eta emakumeen arteko berdintasuna izendatzeko hitza da”.
Gaiarekin harremana duen protokolo bat bere egin zuen udalak, gainera, denen aldeko botoarekin: Oarsoaldeko lau udalek osatzen duten Berdintasun Mahaiaren heriotza matxisten aurrean erantzuteko protokoloa.