Udal gobernua "gezurretan" ari dela salatu du PSE-EEk, bosgarren edukiontziaren harira
PSE-EEko udal taldeko bozeramaile Jose Angel Rodriguezek “gezurra” esatea egotzi dio Udal Gobernu Taldeari, bosgarren edukiontziaren ezarpenaren harira. Horrela, esan du ez dela egia gainontzeko talde politikoekin izandako negoziazioak “gogorrak” izan direla, eta horregatik ezarpena atzeratu dela. Edukiontzi marroiaren kontra ez daudela argi utzi nahi izan dute.
“Sozialisten udal taldeak, oposizioko gainontzeko taldeekin batera, ez zuen burua makurtu Bilduk ezarri nahi zuen sistema derrigorrezko, kontrolatzaile eta zaintzailearekin”, esan du Rodriguezek. “Eta boluntarioa izatea lortu dugu, kontrol eta zainketarik gabe”, gaineratu du. Euren ustez, Udal Gobernu Taldeak atez ateko bilketa sistema ezarri nahi du: “Bilduk ahal duen egunean, Oarsoaldeko atez atekoaren zirkulua itxiko dute”. Hori gerta ez dadin, “PSE-EE indartsua” da bermea.
“Pozik” daude bosgarren edukiontziarekin, baina hiru urte “galdu” direla iritzi dute. Gainera, San Marko Mankomunitatearekin “elkarlanean” aritu ez izana kritikatu dute, “udalaren aurrekontutik 150.000 euro xahutu dira”. Horren harira, atzoko aurkezpenean, Luisma Diez zinegotziak esan zuen mankomunitatearen edukiontziak ere ordaindu behar direla, ez direla dohainik ematen: “Gainontzeko herriei ez diegu gure sistema ordainaraziko, guk gainontzekoei ordaintzen ez diegun bezala”. Udal Gobernu Taldearen negoziatzeko “borondate falta” kritikatu dute, eta bilketa sisteman izandako aldaketak jasotzen dituen ordenantza falta dela uste dute.
Azkenik, herritarrei dei egin diete “birziklapen arduratsua” egin dezaten.