Hiru saio egingo dituzte parkearen diseinua eta bestelako xehetasunak erabakitzeko
Saioetara gazteak joatea nahi du udalak
Hiru saiotan banatuta, Oiartzunen skate park-a diseinatzeko parte hartze prozesua egingo dute. Parkea egiteko 60.000 euroko diru partida gordeta du udalak, eta eremua nolakoa izan daitekeen gogoeta egiteko bideratuko dira prozesuaren hiru saioak.
Saioak hilaren 10, 17 eta 24an egingo dituzte (hurrengo hiru astearteetan), 18:30ean, Elorsoro kiroldegiko batzar aretoan. Bertan dinamizatzaile lanak Igor Eskudero BMX kirolariak egingo ditu, eta udal teknikariek nahiz Gazteria eta Kirol ataleko zinegotziak ere parte hartuko du. Baina noski, parkearen balizko erabiltzaileei deia egin diete prozesuan parte hartzeko, haiek izango direlako parkearen azken onuradunak gehienbat.
Gainera, parkea diseinatzeaz gain, udalaren helburua da gazteak parte hartzearen kulturara hurbiltzea, prozesu praktikoen bidez.
Honakoak dira hiru saioetan landuko diren gaiak:
- Martxoaren 10ean, asmoaren aurkezpena eta kokapena egingo dute. Oiartzunek zein motako skate parkea behar duen hausnartzen hasiko dira.
- Martxoaren 17an, zein parke behar den erabaki, eta diseinua lantzen hasiko dira.
- Martxoaren 24an, landutako diseinuaren kostua aurkeztuko dute udal teknikariek, eta dagoen diruarekin zer egin daitekeen. Parkea dinamizatzeko proposamenak ere jasoko dira, eta gunearen erabilerarako indizeak markatuko dira.
Sortuko den parkearen erabilera indizeak hala eskatzen badu, eremua garatzen eta handitzen jarraitzeko prestutasuna azaldu du udalak.