Eraikin soziokulturala nolakoa behar duen erabakitzeko egiten ari diren parte hartze prozesuaren barruan, bigarren topagunea dute biharkoa.
Azken urteotan, jarduera ugari antolatu dira Zirizan; irudian, hirigintza topaketak.
Trintxerpen aurrera doa Zirizako parte hartze prozesua. Herrera Herrirak eta udalak elkarlanean dinamizatuta, bihar, bigarren topagunea izango da alkateordetzan, 10:00etatik 13:00etara.
Antolatzaileek iragarri dutenez, Gernikako Astra koordinadorako lagunak izango dira topagunean beren esperientziaren berri emateko. Izan ere, Trintxerpekoek Gernikara egitekoa zuten bisita bertan behera geratu baitzen, “prozesuarekin zerikusia ez duten arrazoiak tarteko”.
Parte hartzeko deia
Bien bitartean, Herrera Herrirak, prozesuan parte hartzeko deia egin du. Zirizarekin ezarritakoa “anbizio handiko helburua” dela uste dute prozesuaren bultzatzaileek, batez ere, “herritarrei beren garapen sozio kulturalean parte hartzeko aukera zabaltzen dielako”.
Autogestionatutako erabilera anitzeko eraikina atondu nahi du Herrera Herrirak Zirizan, eta helburu horrekin antolatu dute parte hartze prozesua. Esan dutenez, Ziriza, Trintxerpeko iragan industrialaren ikur garrantzitsuenetako da –bakailao fabrika izandakoa da–, eta eraikina berreskuratuta herri matxinadaren ikur bilakatu nahi dute.