Egoera ahulean dauden Oarsoaldeko adingabeak babesteko familia bila ari dira
Lezoko Udalak eta Eudes Fundazioak babesa eman diote Baketik Fundazioaren Izeba proiektuari
Egoera ahulean aurkitzen diren Oarsoaldeko adingabeak babesteko familia edo norbanako boluntarioak bilatzen ari da Izeba proiektua. Lezoko Udalak eta Eudes Fundazioak babesa eman diote proiektuari, eta haren nondik norakoak azaltzeko hitzaldia antolatu dute datorren asteartean, hilak 17, 18:00etatik aurrera kultur aretoan.
Izeba proiektuaren ardatza, tutoretzapean dauden adingabeen izeba osaba izateko prets dauden pertsona edo familia boluntarioen sarea sortzea da. Oarsooldean Gipuzkoako Foru aldundiak tutelatutako adingabeen zenbait harrera egoitza daudela, eta bertan diren hainbat gaztek boluntarioki eskatu dutela proiektuan parte hartzea esan dute Baketik Fundaziotik.
Harreman sozialak zabaldu
Izeba proiektuaren emaitzekin baikor azaldu da Baketik, bestalde, izan ere, 80 familia eta adingabe baino gehiago dira esperientzia hau bizi izan dutenak.
«Proiektuan parte hartzen duten adingabeak harrera zentroetan jarraitzen dute, eta familia boluntarioek adingabe horien integrazioan laguntzen dute babesa, goxotasuna eta gertuko harremana sozialak zabaltzeko aukera emanez», azaldu dute.
Ondoko bideoan Izeba proiektuaren berri ematen du ETBko Euskal Herria Zuzenean saioak.